Eusko Legebiltzarreko testua, hitzez-hitz:
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, Aintzane Garai Barrikako gaztearen hilketa dela eta, honako hau adierazi nahi du:
1. Gaitzetsi egiten du, etxeko indarkeriak eragindako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita. Ezin ulertuzko gertaera horrek sortu digun samina adierazten dugu, eta gure sostengua helarazten diegu biktimaren familiari eta lagunei.
2. Milaka emakumek zuzeneko eran pairatzen dituzten egoera horiek gure gizartean eta gure eguneroko bizimoduan txertatuta daude. Aintzaneren heriotza genero-indarkeriaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira horiek guztiak.
3. Emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria –forma batean zein bestean– haien duintasunaren eta segurtasun fisiko eta moralaren kontrako atentatu bat da, eta, beraz, modu larrian eta onartezinean urratzen ditu haien giza eskubideak. Bizitzak suntsitzeaz gain, genero-indarkeriak murriztu egiten du emakumeek kolektibo bezala alor publikoan izan behar duten parte-hartzea, hiritartasun eskubideen erabilera mugatzen dielako. Eraso horiek ezin kalkulatuzko eta ezin konponduzko kostu pertsonal eta sozialak dakartzate, eta emakumeen desberdintasunean oinarritutako ordena sozial honen adierazpide dira.
Alde horretatik, emakumeen kontrako adierazpide bortitz ororen kontrako jarrera hartzera deitzen ditugu hiritarrak, ekintza horiek sala ditzaten, onartu ez ditzaten eta haien aurrean isilik iraun ez dezaten; halaber, biktimen aldeko sostengua adieraztera deitzen ditugu.
Gaiaren inguruko berriak:
Atxilotuta jarraitzen du Aintzane Garairen mutil-lagun ohiak
Barrikako Udalak erabateko gaitzespena agertu du Aintzane Garairen erailketaren aurrean (2005 Urr 17)
Aintzane Garairen mutil-lagun ohia atxilotu dute (2005 Urr 17)
Aurkitutako gorpua Aintzane Garairena dela egiaztatu dute (2005 Urr 17)
Ostiralean desagertutako Aintzane Garai barrikoztarra hilik agertu omen da (2005 Urr 17)