Aintzane Garairen erailketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako Barrikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 18a, 17:26

Jose Maria Ezpeleta alkatea buru zela, Barrikako udalbatza osatzen duten zinegotzi guztiek eman diote babesa David Garai Aintzane zenaren anaiari, gaur ordu batetan, komunikabideen aurrean egindako agerraldian. Ertzaintza, Babes Zibil eta Bakio eta Barrikako Udalei eskerrak ematearekin batera, "sufrimendu eta atsekabe handiko momentu hauetan", eraildako 26 urteko neskaren "senide eta lagunak errespetu osoz tratatzea" eskatu die hedabideei, uneotan, guzti horien zama bizkarrean hartu duen gazteak. "Nahiko larrituta gaude jada", gaineratu du. Begoña Lekanda Emakume Gaietarako zinegotziak, berriz, udalerriko alderdi politiko guztiek onetsitako adierazpena eman du ezagutzera, herritarrak, gaur arratsaldeko zortzietan, Udaletxe plazan egingo den kontzentrazio isilean parte hartzera deituz. Bitartean, ikurrina haga erdian eta xingola beltzarekin jarri dute udaletxean.

David Garaik adierazi duenez, Ertzaintzak abian jarritako ikerketaren emaitzen zain dago familia. Besteak beste, Aintzaneren bikotekide izandakoaren etxea miatu du gaur goizean polizia autonomikoak. Beste alde batetik, 26 urteko neskaren aldeko hileta-elizkizuna bihar egingo da Barrikan, bere jaioterrian, 18:00etan.

Barrikako Udalak Aintzane Garairen hilketearen aurrean egin dauen erakunde-adierazpena, alderdi politiko guztiek aldeztuten dabena

Udalaren Osoko Bilkurak aparteko batzarra egin dau gaur, eguerdiko hamabietan, eta aho batez, ondoko erakunde-adierazpen hau onetsi dau:

1. Lehenengo eta behin, gure alkartasuna adierazo eta besarkada bero bat emon gura deutsegu Aintzaneren senide, adiskide eta lagun guztiei, jakin badakigulako momentu honeetan sufrimendu eta atsekabe handia daukiena; honenbestez, badakie, behar izan ezkero, ahal dogun neurrian gauza guztietan laguntzeko prest izango gaituena.

2. Bigarrenez, Udalaren Osoko Bilkura honek, gertatu diran indarkeriazko ekintzen eta Aintzane Garai gaztearen ondorengo hilketearen aurrean, erabat eta zeharo gaitzesten dauz izenik be ez daukien egitate latz horreek, Udalerrian eta, orobat, gizarte osoan bihozmin handia sortuarazo daben gertakari gaitzesgarriok.

3. Hirugarrenez, modu aktiboan jarduteko eta laguntzeko eskatzen deutse gizarteari, inoiz be ez daiten halako ekintza latzik inon be gertatu.

4. Laugarrenez, laguntza ematea familiari egitateok argitzeko hasten dituzten legezko ekintzetan.

Eta, azkenez, herritarrei dei egiten diegu, bada, gaur arratsaldean, zortzietan, Udaletxeko plazara etor daitezen hamabost minutuz kontzentrazio isila egitera, familiari laguntza emateko eta hilketa arbuiatzeko.

Barrikan, 2005eko urriaren 18an.


Gaiaren inguruko berriak:

Eusko Legebiltzarreko kideek Aintzane Garairen hilketa salatu dute

Atxilotuta jarraitzen du Aintzane Garairen mutil-lagun ohiak

Barrikako Udalak erabateko gaitzespena agertu du Aintzane Garairen erailketaren aurrean (2005 Urr 17)

Aintzane Garairen mutil-lagun ohia atxilotu dute (2005 Urr 17)

Aurkitutako gorpua Aintzane Garairena dela egiaztatu dute (2005 Urr 17)

Ostiralean desagertutako Aintzane Garai barrikoztarra hilik agertu omen da (2005 Urr 17)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun