Jose Maria Bengoa Bilbon jaio zen 1913an. Medikuntza ikasi zuen Valladoliden eta 1938an Venezuelara erbesteratu beharra izan zuen. Han medikuntza sozialaren arloan lanean hasi zen, fruitu ugari bilduz. Nutrizioan eta osasun publikoan aditu gisa, ekarpen garrantzitsuak egin ditu metodologian eta kontzeptuetan. Berea izan zen Nutrizio Egoera Hobetzeko Zentroak sortzeko ekimena, gaur egun mundu osoan zehar zabalduta direnak. Venezuelan nutrizioa erakunde mailako ardura bihurtzearen egileetako bat izan zen –Venezuelako Nutrizioaren Institutu Nazionalaren fundazioan parte hartu zuen–.
Gainera, nazioarte mailan osasunaren arloan ekintza ugari eraman ditu aurrera. Azpimarratzekoak dira Osasunerako Mundu Erakundean Nutrizio Sailaren burua izan zen urteak (1955-1977) eta Cavendes Fundazioan zuzendari exekutiboa eta kontseilaria izandakoak (1983-2000) –Cavendes Fundazioa munduan dauden nutrizio arazoak eta gosea aztertzen dituen erakundea da– Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean aholku emailea izan zen, Osakidetzaren sorreran parte hartuz.
Jose Maria Bengoa doktorea, OMEko Elikadura Arloaren buru izandakoa, "Tras la ruta del hambre" saiakera liburua aurkeztuko du etzi, ostirala, EHUko Medikuntzaren eta Zientzien Historiako Euskal Museoak Medikuntza fakultateko dekanotza ondoan duen aretoan, goizeko 11:00etan. Izan ere, Tras la ruta del hambre da Bengoa doktoreak argitaratu berri duen saiakera autobiografikoaren izenburua eta hitzaldiaren bidez aurkeztuko du. Liburu honetan, egileak bere ikuspegia azaltzen du desnutrizioari eta goseari buruz, hots, bere iritziz, XX. mendeko osasun arazo nagusienari buruz. Argazkian, Bengoa doktorea Venezuelako larretan /