"Enpresan Bai Euskarari" kanpaina jarri du abian Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 19a, 18:49
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak lan munduan euskararen presentzia areagotzeko kanpaina jarri du abian. "Enpresan Bai Euskarari" lelopean Euskal Herriko 50 langiletik gorako 1.300 enpresatan hizkuntza-konpromisoak zabalduko ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez. Kontseiluak euskararen normalizaziorako neurri zehatzak hartu eta gara ditzatela proposatu nahi die enpresei, bertako zuzendaritzak eta langile komiteak inplikatuz. "Enpresaren estamentu guztien parte hartzea beharrezkoa da", azaldu du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Argazkian, kanpainako kartela.
Euskara Sustatzeko eta Euskalgintza Babesteko Akordio Soziopolitikoaren sindikatu sinatzaileek kanpaina hedatzen lagunduko dute, EHNE, ESK, ELA, HIRU eta LAB, alegia. "Sindikatuen parte hartzea izango dugu enpresa bakoitzean kanpainaren berri emateko", jakinarazi du Mendigurenek.

Enpresa mundua, lan harremanen gunea, euskararen garapenerako eta normalizaziorako eremu zaila izan da betidanik. "Hezkuntzan, komunikazioan, kulturan eta abarretan euskaren erabilera sustatzeko asmoz urratsak eman badira ere, lan munduan zeregin handia dugu hizkuntzaren normalizazioa erdiesteko", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Ziurtagiria

"Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez enpresek neurri zehatzak hartu eta euskararekiko konpromisoa adierazten diote gizarte osoari", azaldu du Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak. Lan munduan euskararen normalizazioan aurrera egiteko enpresen parte hartzea beharrezkoa dela argudiatu du Gutierrezek: "enpresetan euskara erabiltzeko gaitasuna izatea lehiakortasunerako giltzarrizko faktorea da".

Kanpainaren euskarria enpresan konpromisoa irudikatzen duen kartel bat da. Honen 19.000 ale banatuko dira lantegietan eta bulegoetan itsasteko. Honekin batera, helburuari buruzko azalpenak ematen dituen informazio orri bat prestatu du Kontseiluak. Bestalde, adierazpen bat zuzendu die enpresen zuzendariei eta langile komiteei: "prestutasuna adierazten duten enpresariak eta langileak harremanetan jarriko dira Kontseiluarekin eta ondoren konpromiso prozesuari ekingo zaio", azaldu du Ziurtagiriaren arduradunak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun