Getxoko euskaltegien ikasleek txalo artean hartu dituzte Berbalaguna ekimenaren aurkezpenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 19a, 21:40

Egizu! Getxo Euskaldun elkarteko dinamizatzailea den Rozio Luzesek atzo eta gaur artean aurkeztu du datorren hilean hasiko den Berbalaguna ekimena Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre eta Getxoko Udal euskaltegiko ehunaka ikasle eta irakasleen aurrean. Lerro hauek idazteko orduan, eta oraindik aurpezken bat burutzeke dagoela, 300 bat pertsona dira txalo eta algara artean euskararen erabilpena bultzatzeko jarduerari ongi etorria eman diotenak. Euskaldun fededun esamoldea apurtzeko kapaza den aurkezpenetan Luzesek ekimenaren helburua zehaztu du: "elkar lotuta dauden motibazioan, erabileran eta ezagutzan" euskalduntzen ari direnak zein dagoeneko euskaldunak direnak laguntzea "euskaraz jator, eroso eta gero eta hobeto" egin dezaten.

Argazki galeria (Flickr)

Villamonteko kultur etxean, Getxoko Udal euskaltegian zein Aldai Patronatoan esandakoaren arabera, Luzesentzat euskara ikasteko badira hainbat arrazoi gaur egun, lana, seme-alabak edota, besterik gabe, bertako hizkuntzaren jabe nahi izatea. Euskararen ikaste prozesuan behin sartuta, "hiru oinarrien gurpil batean sartzen gara", izan ere, ikasleek eskuratzen duten ezagutza hizkuntza erabiltzeko grina bihurtzen da eta erabiltzearen poderioz ikasitakoa finkatzen da, norberaren konfidantza handituz eta motibazioa biderkatuz. Baina, Euskal Herriko hainbat lekutan errazagoa da inglesa ikastea eta Ingalaterrara bidaiatu euskara ikasi eta bertan hitz egitea baino: "hau ez da Markina", aitortzen du Egizuko dinamizatzaileak aurkezpenetan.

Bestalde, asko dira euskaraz jakin dakitenak baina erabiltzeko maila nahikorik ez dutelakoan edo norekin hitz egin topatzen ez dutela euskara galtzen ari direnak. Bere hizkuntza ez erdoiltzeko aukera gisa aurkezten zaie Berbalaguna egitasmoa.

Getxoko baldintza soziolinguistikoak kontuan hartuta eta euskaraz egiteko aukerak eskasak direla ikusita, Egizuk "euskaraz egiteko beste aukera batzuk" sortzea du xede, euskaldunei zein euskalduntzen ari direnei "euskaraz egin ahal izateko une eta egoera berriak" eskainiz: berbalagun taldeak, diaporamak, mendi-irteerak, ikastaroak, tailerrak eta abar luze bat. Ekimen guztien berri izatea euskaltegietan, komunikabideen bidez edo zuzenean Egizuri bidaltzeko eskatuz lor daiteke. Dena den, proposamen guztiak "oso ondo" hartuko direla jakinarazi du Luzesek.

Berbalagun taldeak dira proiektuaren muina eta horietan parte hartzeko izena ematea azaroaren 4ra arte zabalik dago. Taldeetan 3, 4 edo 5 pertsonakoak izaten dira, gutxienez astero behin biltzen direnak berba egiteko, kafea hartzeko, kirola egiteko, menditik edo hondartzatik ibiltzeko edo talde bakoitzean, gustuen arabera erabakitzen dutena egiteko... baina beti euskaraz. Taldeak osatzean Egizuk kontuan hartzen ditu norberaren adina, gustuak edota ordutegiak, eta gutxienez talde bakoitzeko euskaldun oso bat egotea ziurtatzen du, nolabaiteko eredu bat jartzeko.

Natura eta harremanak

Garrantzia handia eman diote naturari Egizun, eta dagoeneko mendi irteeren egitaraua zehaztu dute, hilean behin txango bat egingo dutela.

Gainera, Bizkaian badira beste berbalagun talde batzuk, esate baterako Deustun edo Ermuan. Haiekin ekimen bateratuak egiten dira noiz edo noiz: txangoak, sagardotegiak... eta aurten nazio mailako topaketak egingo dira, Euskal Herriko berbalagun taldeak batuz.

Ekitaldi guztietan Rozio Luzesek emandako azalpenak lagundu ditu Alfonso Diez teologo eta notario itsuak bere lekukotasun eta exorzismoekin.

Etengabe berritu den egitasmoa

Berbalaguna ekimena Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkarteak eta Getxoko udalerriko euskaltegiek osatzen duten Egizu! elkarteak eraman du aurrera azken 5 urteotan. Baina, aurretik izen bereko egitasmoa izan zen, Bizarra Lepoanek bakarrik gidatuta. Jarduerak izan zuen arrakastak eta euskalgintzan proiektu bateratuak eramateko gogoak bultzatu zuten ekimena haztea eragile gehiago inplikatuz.

Gaiaren inguruko berriak:

Izan zaitez berbalagun! (2005 Urr 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun