Uribe Kostako Mankomunitatearen estatutuak aldatzearen alde daude Berango eta Sopelako EBkoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 20a, 14:19

Berangon egin bezala, Sopelan ere Uribe Kostako Mankomunitatearen estatutuak aldatzea proposatuko dio udalbatzari EB-Berdeak taldeak, urriaren 25eko osoko bilkuran, aipatu erakundea osatzen duten "Udaletan ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiek Mankomunitatean ere eduki dezaten". Sopelako EB-Berdeak taldeak adierazi duenez, "erakundearen aurrekontua handia bada ere, informazio argirik ez dago horren kudeaketari buruz. Batzarretan hartutako akordioak jasotzen diren aktak ere ez dira argitara ematen. Argazkian, Jose Vicente Ojinaga Sopelako EBko bozeramailea.

Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizko Udalei dagokienez, albistean aipatutako bietan –Berango eta Sopela– baino ez dauka ordezkaritza EB-Berdeak taldeak.

Ezker abertzalea

Uribe Kostako Mankomunitatean dauden udalerriei dagokienez, 2003ko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan, ezker abertzaleko talde politiko bakarrak, Sopela Aurrerak, eskuratu zuen ordezkaritza legala. Hiru zinegotzi, alegia. Beste ezker abertzaleko sei plataformetatik batek, Gorliz Aurrerak, ez zituen lortu behar izango lituzkeen botoak balizko zinegotzirik eskuratzeko. Falta diren bost taldeek; Barrika Baietz, Hain Ederra (Berango), Ipar Haizea (Lemoiz), Haize Abertzalea (Plentzia) eta Urdulizen Bagara herri plataformek hain zuzen ere, Alderdien Legearenpean ezeztatu zizkieten 7 zinegotziak aldarrizkatzen dituzte. Gauzak horrela, Ezker Batuak proposatutakoa onartzen bada, litekeena da gaur egun Udaletan dagoen "apartheid ez" kanpaina, Mankomunitatera heltzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun