Ekintza honen bidez, Trafalgarreko batailan hil zen Kosme Damian Txurruka Mutrikuko seme ospetsuari egindako omenaldiarekin bat egin du EHUk. Egun horretan bertan, arratsaldeko 20:00etan, Portugaleten dagoen Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko areto nagusian abesbatzen kontzertua izango da, Trafalgarreko marinelen omenez. Saioa Bilboko Koral Elkarteak eskainiko du eta "Carmina Burana" lana abestuko dute.
Saltillo
Saltillo goleta Amsterdamgo ontzioletan egin zuten 1932an eta bi urte beranduago erosi zuen Peru Galindez Bilboko Merkataritza Ganbarako burua izan zena. Baina, itsasontzia 1948tik 1962ra bitartean egin zen ezaguna. Izan ere, garai horretan zehar Juan Borbon Bartzelonako konteak, gaur egungo Espainiako erregearen aita, erabiltzen zuen. 1968an, Bilboko Nautika eskolak Portugaleteko egoitza ireki zuen egunean, Galindezek Saltillo oparitu zuen eskola itsasontzia izan zedin. Horrela izan zen 1987ra arte, konponketak egiteko zerbitzutik kanpo gelditu zela. 1998an, milioi bat euro inbertitu ostean, Saltillo uretara itzuli zen berriz.