Euskal Tonbola eremu honetako Enkarterriak, Ezkerraldea, Uribe Kosta, Uribe Nerbioi eta Bilboko 200 tabernetan dago salgai. Bertan jarri dituzte herritarrekin gertutasuna lortzeko. Gainera, sariak tabernetan bertan utzi dituzte. "Bezeroek han bertan jasoko dituzte irabazitakoak", aditzera eman du Iker Gomez de Segura Kontseiluko finantzaburuak. Euskal Tonbolaren funtzionamendua oso erraza dela azpimarratu dute: "txartela hazkatu behar da sariaren izena ikusi ahal izateko, eta ondoren tabernariari irabazitakoa eskatu”.
Euskararen normalizazioan aurrera
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Tonbolarekin lortuko duen etekinekin euskararen normalizazioan aurrera egiteko proiektuekin jarraituko du. "Izan ere, norberen konpromisoak ere sustatzea gustatuko litzaiguke, horretarako, txartel bakoitzean gizarteak eguneroko bizitzan hizkuntzaren alde egin dezakeen adibide bat txertatu dugu", azaldu dute.
Euskal Tonbola Bizkaiko zenbait herritan ibilia da dagoeneko eta harrera oso ona izan du. “Arratian, Busturialdean, Durangaldean, Lea-Artibain, Txorierrin eta Uribe-Butroin izan gara orain arte eta harrera primerakoa izan da, milaka sari banatu ditugu", esan du Kontseiluko finantzaburuak.