Perretxikoak ikusi eta dastatzeko aukera egongo da igandean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 21a, 21:40

Basozaleak elkarteak antolatuta, Getxoko XV. Mikologia Jardunaldiak izango dira urriaren 22tik azaroaren 3ra bitartean, Algortan. Urriaren 27an eta aipatu azken egunean gongo diren bi hitzaldiak alde batera utzita, zer ikusi eta dastatu egongo da igande honetan, Algortako San Nikolas plazan. Besteak beste, aurreko egunean basoetan hartutako perretxiko freskoak eta formolean gordetako beste hainbat egongo dira ikusgai, 11:00etatik 14:00ak arte. Baita horien gaineko argazkiak ere. Aldi berean, haur eta gazteen mikologia txapelketa ospatuko da bertan. Lehiaketa horretan, perretxikoak sailkatzeko trebetasuna erakutsi beharko dute neska-mutilek. Azkenik, basoetako jaki gozo horiekin egindako pintxoak probatzeko aukera egongo da. (Argazkian, Cantarellus cibarius perretxiko ale batzuk / www.picoseuropa.net).

Urtero legez, egitarau oparoa antolatu du aurten Basozaleak elkarteak:

Urriak 22, larunbata

Igandeko erakusketan ikusgai egongo diren perretxikoak biltzeko irteera egingo dituzte hainbat lekutara.

Urriak 23, igandea

Getxoko XV. Mikologia Erakusketa: Perretxiko freskoak eta formolean gordetako beste hainbat ikusteko aukera egongo da. Horretaz gain, argazki erakusketa, haur eta gazteen mikologia txapelketa, perretxiko zozketa eta pintxo dastaketa izango dira, Algortako San Nicolas plazan, 11:00etatik 14:00ak arte.

Urriak 27, osteguna

"Para iniciarse en el mundo de las setas" izenburuko hitzaldia, Roberto Fernandez Sasiaren eskutik, Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan, 19:30ean.

Azaroak 3, osteguna

“Clasificación visual de setas con poros (boletus)” izenburuko hitzaldia, Eduardo Fidalgoren (Basozaleak) eskutik, Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan, 19:30ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun