Egitarau anitza prestatu dute astebururako Getxoko Antzerki Jardunaldiei amaiera emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 21a, 23:13

Getxoko XXIII. Antzerki Jardunaldiak iritsi dira bukaerara, asteburu honetan amaituko baitira sei lanen antzezpenarekin. Gauzak horrela, Antzerkiola Imaginarioak "Au revoir, triunfadores" –argazkian– obra antzeztuko du bihar Algortako Getxo Antzokian, eta txikienek "Xurdin Ipotxen Munduan" (Algortako Telletxe plazan) eta "Lazaro Txiki" (Areetako Musika Eskolan) antzezlanekin gozatzeko aukera izango dute.

Getxoko Kultur Etxeko iturriek gaur jakinarazi dutenez, "Au Revoir Triunfadores, una comedia triste de los tiempos modernos" antzezlanean "antipoeta" batek eta mago batek parte hartzen dute. Magoak uste du hipopotamo bihurtzea dela egungo arriskurik handiena, animalia motel, axolagabe, astun eta patxadazalea. Komedia triste honetako garaileek erabaki bat hartuko dute: metamorfosi arriskutsua gertatu aurretik hil beharko dute. Zubia izango da jomuga, nork bere buruaz beste egiteko amildegi bikaina.

Konpainiaren esanetan, "garai berrietako komedia tristea" da ikuskizuna. Denboraren joanari buruzko gogoeta sakona da, biziari eta arrakastari buruzkoa. Ildo horretan, emaitza argia da: garaileak porrotaren erakusgarri argiena dira, pertsonaia horientzat hobe da hiltzea edo nork bere buruaz beste egitea, betiko osorik degeneratu aurretik. Pertsonaiak arestian azaldutako planteamenduaren metafora dira. Ikuskizunaren erritmoak pixkanaka ematen ditu ulertu eta interpretatzeko giltzak.

Igandean

Igandeko saioari dagokionez, Deabru Beltzak konpainiaren "Les diables noirs" ikuskizuna nabarmentzen da Getxoko Antzerki Jardunaldiei bukaera emateko. Egunerokotasunari buruzko sketchak tartekatzen dira lanean. Umore beltzaz eta musikaz baliatuz, toki ezberdinetatik helduriko sei deabru dira protagonista nagusiak.

Bestalde, txikienek ere izango dute gozatzeko aukera jardunaldien azken egunean. Horrela, Gorringo taldeak "Joxepi dendaria" taularatuko du, eta Trokolo konpainiak, berriz, "Niretzako!" izenburukoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun