Segiren nazio kalejirarako autobusak jarri dituzte Algortan eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 22a, 00:21

"Borrokaz aske biziz... Independentzia!" lelopean, datorren urriaren 29an, larunbata, nazio kalejira egingo du Segi gazte erakunde ilegalizatuak. Martxa Euskal Herriko hiriburuan izango da, Golem zinemen aurrean, arratsaldeko 18:00etan eta horra hurbildu nahi direnek aukera izango dute Algortan zein Itzubaltzeta / Erromon antolatutako autobusen bidez. Itzubaltzetan, bertako Segik autobusak izango direla iragarri du, baina momentuz ez du jakinarazi izena non eman ahal izango den. Algortari dagokionez, autobus txartelak Amnistia, Traganarru eta Gorrondatxe tabernetan eskura daitezke. Argazkian, Donostiako Zuloaga eskolan eskegitako martxaren pankartatzarra / Gaztesarea.

Itzubaltzetako Segik nazio kalejirara deitzean bidalitako mezua, hitzez-hitz

Borrokaz aske biziz... Independentzia!!!

Aupa gazte!!!

Itzubaltzetako Segi gazte erakundearen izenean, honakoa helarazi nahi dizugu:

Euskal gazteriaren egoera 2004-2005 urtean honakoxea da:

- 192 gazte atxilotuak (torturak, bortxak,...)
- 300 gazte epaituak (15-22 urte gartzelan)
- Erakunde ilegalizatuak (Segi...)
- 9 gaztetxe bortxaz hustuak
- Prekarietate egoera larria (51 langile gazte hilik)
- Errepresio polizial eta judizial ikaragarria...
- Erasoen zerrenda amaigabea...

Euskal Herriko gazteok ez dugu eraso gehiagorik onartuko; orain, geuk dugu erasorako hitza eta erabakia, gurea da antolatu eta borrokatzeko beharra. Gazteok gure artean antolatuz, zapalkuntza mekanismoak baliogabetzeko indarra eta aukera dugu; esparru ezberdinetan gure eskubideak defendatuz eta hauek gure eskuetan hartuz.

Independentziaz bizitzeko eskubidea eta beharra dugulako, Borrokaz aske biziz... Independentzia!!!

Honen guztionen harira, Segik nazio kalejira ospatuko du
urriaren 29an, Iruñean, arratsaldeko 18:00etan Golem zinemetatik abiatuz. Iruñeara bertaratzeko autobusa izango duzu Itzubaltzetatik bertatik. Adi deialdietara!

Itzubaltzetako Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun