18/98+ taldeak batzar irekia burutuko du Algortan astelehenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 22a, 01:31

Algortako 18/98+ lantaldeak batzar irekia deitu du datorren astelehenerako, arratsaldeko 19:30ean. Villamonteko Kultur Etxean egingo den bilkura horretan, plataformak Euskal Herriko hainbat tokitik igarotzen ari den Kaiera ekimenaren inguruan azaroaren 10ean Algortako Telletxe plazan egingo den ekitaldia prestatu eta bideratzeko asmoa dute 18/98+ taldeko kideek. Orain arte, Kaierak Iruñea, Altsasu, Tafalla, Etxarri-Aranaz, Bera, Oarsoaldea eta Donostiako milaka hiritarren idazkiak, bertsoak edota marrazkiak hartu ditu. Haien artean, eskualdeko Unai Elorriaga idazlea, Afrika Bibang abeslaria edota Joseba Goñi "Herria 2000 Eliza" aldizkariko zurendariarenak topatu daitezke. Halaber, EHUko Leioako campuseko hainbat kide izkiriatu dute Kaierako orrialdeetan: besteak beste, Jose Ignacio Perez Iglesias errektorea, Pedro Luis Arias Ergeta irakaslea eta Bakearen Aldeko Koordinakundearen kidea, Ramon Zallo irakaslea, Jose Ramon Etxebarria kaleratutako irakaslea eta AuBko kidea, Imanol Zubero irakaslea eta Carmen Peñafiel Saiz Kazetaritza Saileko zuzendaria.

18/98+ taldearen arabera, Euskal Herrian barrena herriz herri dabiltzan "kaiera honetako orri hegalariek bidezkoa den kausa baten mezua" zabaltzen dute. Mezu horrek bi zutabe nagusi ditu: "batetik, eskubide ukaezinen defentsa, eskubide horiek beren osotasunean hartuta, eta, bestetik, terrorismoaren aurkako borrokan babestuta, pertsonen autonomia eta giza duintasuna ziurtatzeko ezinbestekoak diren askatasun demokratikoak urratzen dituen estrategia politikoaren salaketa".

Gaiaren inguruko berriak:

Kaieran dagoeneko ekarpenak egin dituzten pertsona ezagunen zerrenda (18-98plus.org)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun