Leioako Artatza Jauregian egingo diote harrera bihar Saharako presidenteari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 22a, 23:14

Igande honetan, arratsaldez, Loiuko aeroportura helduko da Mohamed Abdelaziz Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko presidentea (argazkian / Saharatik.com), Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta EAEra egingo duen bisita ofiziala dela eta. Besteak beste, Leioako Artatza Jauregian egingo diote harrera 17:30ean. Hori dela eta, herri horren auziarekin bat egiten duten guztiei bertara joateko dei egin diete Euskadiko Saharar Herriarekiko Elkartasunezko Elkarteek. Ekitaldia "euren askatasuna lortzeko, saharar herriak abian duen borrokaren aldeko elkartasun kontzentrazio handia" izan dadila nahi dute. "Okupatutako lurraldeetan mobilizazio guzti hauen berri badutela kontutan hartuta, gogor eusten ari diren Sahara barruko herritarrei borrokan bakarrik ez daudela adierazteko modua da; kanpoaldean askatasuna maite dugun herrion laguntza dutela alegia", diote koordinakundekoek.

Mendebaldeko Saharako gatazkari, Espainiako Gobernua "irtenbide lotsagarria" ematen saiatzen ari dela uste dute Euskadiko Saharar Herriarekiko Elkartasunezko Elkarteek. "Hala ere, Marokoren onerako konponbidea, argi eta garbi", salatzen dute saharar auziaren aldekoek. "Autodeterminazio eskubidearen alde eta marokoar okupatzaileen atzaparretatik askatzeko, saharar herriaren borroka zilegiarekin bat egiten duten lagun guztiek Mohamed Abdelaziz-i harrera beroa eta zabala" egin diezaiotela nahi du koordinakundeak. Hori dela eta, jendeak banderak, pankartak eta bestelako ikurrak eraman ditzala eskatzen du, "Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren alde gaudela argi eta garbi sumatu dezala presidenteak".

Artatzara nola heldu

Gipuzkoa eta Arabatik autobusak antolatu dituzte ekitaldian egon nahi duten lurralde horietako lagun guztientzat. Gainera, Euskadiko Saharar Herriarekiko Elkartasunezko Elkarteek gogoratu dutenez, Bizkaitik Bilbo-Getxo ibilbidea egiten duen autobusean heltzerik badago Artatza Jauregi aurreraino (Kale Nagusia, 63 - Renault kontzesionario aitzinean). Ordu guztietan, hogei gutxitan abiatzen da autobusa. Gainera, metroa ere hartu daiteke bertara joateko. Areeta edo Gobela geltokietan geldituz gero, oinez, hogei bat minutura dago Artatza Jauregia. Harrera ekitaldian lore-sorta eman eta ohorezko aurrezkua dantzatuko dio Mohamed Abdelaziz Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko presidenteari saharar auziaren aldeko erakundeko kide batek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun