Behin Loiuko aeroportura helduta, 17:30ean heltzekoa zen Leioako Artatza Jauregira Mohamed Abdelaziz Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko presidentea. Hala ere, hegazkina atzeratu eta ia ordu eta erdi beranduago iritsi da saharar agintaria. Ordurako, Abdelazizi ongietorria emateko irrikitan zeuden jauregirako sarrera eta etxaldearen beraren artean dagoen bide bazterrak betetzen zituzten ehunka lagunak.
Pankartak ere ugariak ziren, horietako bat arabiarrez idatzita gainera. Euren askatasuna lortzeko abian duen borrokaren aurrean, saharar herriari elkartasuna adierazten zioten batzuk, "Euskal Herria Sahararekin bat" irakur zitekeena, besteak beste. Beste batzuetan, ordea, Maroko kolonialistatzat jotzen zuten: "Marruecos colonialista, fuera del Sahara" (Maroko kolonialista, Saharatik kanpora). Jauregiko kanpoko atearen albo batean ere, "Kolonialismoari stop, askatasuna orain!" irakur zitekeen. Bestalde, "saharar herriak duen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko daraman borrokarekin" bat eginez, "Autodeterminazioa: herrien giltza" leloa zuen pankarta zeramaren Askapenako kideek. Saharako preso politikoen argazkiak ere bazeuden.
Irrikitan
Megafonoa eskuan zuen Euskadiko Saharar Herriarekiko Elkartasunezko Elkarteetako kideak, 18:30ak aldera, Abdelaziz presidentea bidean zela iragarri duenean, orduan biziagotu dira deiadarrak eta Sahararen aldeko oihuak: "Sahara askatu", "Sahara libertad, Polisario vencera" (Sahara askatu, Polisarioak garaipena lortuko du) eta "Gora saharar intifada" egon dira entzungai. Marokok eta Espainiak ere eduki dute berea: "Marruecos culpable, España responsable" (Maroko errudun, Espainia erantzule), "Mohamed –Marokoko erregearengatik– capullo, el Sahara no es tuyo" (Mohamed txepela, Sahara ez da zurea)... Izan ere, Mendebaldeko Saharako gatazkari, Espainiako Gobernua "irtenbide lotsagarria" ematen saiatzen ari dela uste dute Euskadiko Saharar Herriarekiko Elkartasunezko Elkarteek. "Hala ere, Marokoren onerako konponbidea, argi eta garbi", salatzen dute saharar auziaren aldekoek.
Azkenik, 18:50ak aldera heldu da Artatza Jauregira Mohamed Abdelaziz Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko presidentea. Zihoan autoa etxaldeko sarreratik igaro eta atzetik sartu dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko toki anitzetan bizi diren bere herrikideak, jauregiko atariraino. Bertan, ohorezko aurrezkua dantzatu eta lore-sorta eman diote Abdelazizi, han bildutakoen maitasun eta mirespen adierazpenen artean.
Gaiaren inguruko berriak:
Saharako presidentearen ongietorrian parte hartzeko dei egin du Askapenak (2005 Urr 22)
Leioako Artatza Jauregian egingo diote harrera bihar Saharako presidenteari (2005 Urr 22)