Ricardo Ibarra alkateordeak, berriz, aldaketa kokatu du bihar, asteartea, nazioarte mailan ospatuko den "Interneteko egunean", eta egun seinalatu hori dela eta udal talde politiko guztiek informazioaren gizarteari buruzko deklarazio bat aho batez onartuko dutela iragarri du. Era berean, Ibarrak azpimarratu du ordenagailu, Internet eta teknologia berrien erabilpena bultzatu nahi dutela, jende askok ezjakintasunagatik dituen beldurrak kentzen. Hori dela eta "azkar aurreratzea baino batera aurreratzea dela garrantzitsuagoa" azaldu du. Dena den, alkateordeak ez du izkutatu orain sartu ezean egindako aldaketak 2006an egin beharko liratekeela Estatuko legeriak behartuta.
Estandarrak erabiliz
Ur sakoneko azalpenak Jon Vazquez teknikariari egokitu zaizkio eta berak argitu du diseinua eraberritu dela "itxura modernoagoa" emanez, estilo minimalista erabiliz. Halaber, edukinak eskurago jarri dira, batez ere agenda. Bestalde, orain arte baztertuta zeuden hainbat kolektibo bihartik aurrera udal webguneaz gozatu ahal izango dute, nazioartean W3C erakundeak bultzatzen duen hainbat estandar beteko baitu webgune berriak. Esate baterako, Sopelako Udal ataria Jaws Windowserako aplikazioaren bidez entzun ahal izango dute internauta itsuek. Zoritzarrez, aplikazioa erabiltzen dituen hizkuntzen artean oraindik euskara ez dago.
Era berean, daltonikoak direnak errazagoa izango dute diseinu kromatiko berriarekin moldatzea eta miopeak direnak letraren tamainua handitzerik izango dute. Xagua erabiltzeko arazoak dituztenak, berriz, nabegazio guztia egin ahal izango dute teklatua erabiliz.
Firefox Sopelan
Bill Gatesen Microsoft Internet Explorer ez erabiltzea nahiago dutenentzat, handitzen doan jende kopurua, ere positiboak izango dira aldaketak. Izan ere, Firefox zein Opera erabiliz nabigazio osoa egin ahal izango dela agindu du Vazquezek. Safari erabiltzen dutenek probatu behar izango dute, teorian dena ondo joan behar bada ere oraindik egin beharreko azterketak ez direlako egin.
Baina, tendentzia berriez gain erabiltzaileen ordenagailu zaharrak ere kontuan hartu dira. Potentzia eskaseko ordenagailuetan dagoen guztia ikusgai egon dadin, tamainu handiko animazioak ekiditu dira. Vazquezen aburuz "orain webgunea ez da hain ikusgarria izango baina guztiek ikusi ahal izango dute".
RSS eta euskara
Dena den, udal webguneko iraultza ez da hemen bukatuko. Dagoeneko berrikuntza gehiago daude proiektuan: postalak, pantaila-babesak edota hiritarren partaidetza bultzatzeko ekimenak. Tartean, RSS bidezko jarioa ezartzeari buruz edo euskarazko atalean informazio guztia euskaraz jartzeaz ez dute ezer aipatu.