Off Getxo Moda amaitu ostean, euskal diseinuari helduko zaio txanda. Mercedes de Miguel, Alicia Rueda, Ian Mosh eta Mario Rogel diseinugile ospetsuek 2006ko urteko udaberri-udarako proposamenak aurkeztuko dituzte. Lehengo egunari amaiera emateko, Juana Ruiz eta Garbiñe Urdainpilleta diseinugile eta artista getxoztarrek, Jota Mas Ge etxekoek, euren bildumaren aurkezpena egingo dute.
Getxo udalerriko merkataritza
Bihar, 20:30etik aurrera, saltoki getxoztarrek izango dute aukera 2005-2006ko udazken-negurako proposamenak aurkezteko. Parte hartuko duten dendak honako hauek dira: Alguer, Bennetton, Dachi, Gloss, Hormaechea Diseño, Ian Mosh, Mimas, + Visión Optica Gondra eta Tximeleta. Marcel Arranz ile-apaindegikoek modeloak orraztu eta makillatuko dituzte.
XXI. lehiaketari Ion Fiz diseinugileak emango dio bukaera. Azkeneko lau bildumen laburpena erakutsiko du ibiltokian, hots, orain dela hilabete bat baino gutxiago Cibeles ibiltokian aurkeztu zuen proposamena bera, komunikabideetan eragin handia eta gerturatuko publikoaren txalo ugari jaso zituena, hain zuzen ere.
Desfile guztiak arratsaldeko zortzi t'erdietan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da, gonbidapenekin alegia. Egingo diren hainbat ekintzetara joateko ere gonbidapena beharrezkoa da. Interesa dutenek txapelketan parte hartuko duten dendetan eskuratu ditzakete horiek.
Helburuak
Antolatzaileen hitzetan, Getxo udalerriko kalitatezko merkataritza sustatzea eta indartzea da jardunaldien helburuetako bat. "Getxo Modak kalitatezko merkataritzarako erakustokia irudikatzen du. Getxoko Merkataritzako Eskaintzaren azterketatik eskuratutako datuen arabera (pasa den urtean egin zena), udalerriko ehungintza eta jantzigintza esparruak tokiko merkataritzako denden %24,9 osatzen du", diote.