Euskararen erabateko normalizaziora "eramango gaituen" politika horren legegintzaldiko lehen urtea izan behar duela uste du Kontseiluak. "Hori dela eta, datozen urteotan funtsezkoak izango diren lan ildoei hasiera egokia eman behar zaie 2006eko aurrekontuetan diru inbertsio duinak eginez", azaldu zuen atzo Gasteizen emandako prentsaurrekoan Kontseiluko idazkari nagusiak.
Kopuru horrek aparte uzten du administrazioa euskalduntzeko beharko litzatekeen diru kopuruaren kontaketa. "Kalkulu horretatik at utzi arren, oso kezkatuta gaude horien bidez gertatzen den eskubide urraketekin", aipatu zuen Iñaki Lasa Kontseiluko Ildo Politiko-Instituzionaleko arduradunak. Hori dela eta, epeak azkartzeaz gain, gutxienez ahalegina hirukoiztu egin beharko litzatekeela azpimarratu zuen.
Helburuak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak diru inbertsioen helburu orokorrak aipatu ditu, eta hauek dira:
1. Administrazioa euskalduntzea.
2. Lan mundua euskalduntzea.
- Lan Mundua euskalduntzeko Fundazioa sortzea
- Enpresetan normalizazio planak abia daitezen laguntza askoz handiagoak ematea.
- Enpresa berriak sortzen direnean euskaraz sor daitezen zerbitzuak eskaintzea.
3. Helduen euskalduntzearen laguntzak handitzea doakotasunaren bidetik. Helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari dagokien izaera estrategikoa ematea beharrezko baliabideak eskainiz eta helduei ikasteko erraztasunak emanez doakotasunaren bidetik.
4. Euskaraz egitasmo mediatiko berriak sortzeko laguntzak ematea eta daudenak egoki hornitzea.
5. Euskalgintzaren zereginak baldintza egokiagotan eta eraginkortasun handiagoarekin burutzeko behar diren diru laguntzak ematea.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua