“Ikus-entzunezkoen Rallyak, gehienez, hiru minutuko ikus-entzunezko lana sortzean datza, lehiaketa egunean eta Eibarren kokatuta”, azaldu du Perez Anguerak. “Askotariko lanak izan daitezke, ez da zertan metraje laburreko filma izan”, zehaztu du Sonia Perez Anguera Topaguneko Gazteak Saileko arduradunak. Lanen gaia lehiaketaren egunean bertan jakitera emango da. Parte-hartzaileek gai horretan oinarritutako lana aurkeztu beharko dute, Eibarreko ezaugarriak txertatuta eta euskaraz ekoiztuta. Alde horretatik, “hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da”, adierazi du Topaguneko ordezkariak.
Egunean bertan grabatu eta proiektatuko dira
Lanak abenduaren 17an bertan grabatuko dira, goizez. Ondoren, arratsaldez, ekoizpenari lotutakoak egingo dituzte parte-hartzaileek. Biak, grabaketa eta ekoizpena, formatu digitalean egingo dira. Horretarako, antolatzaileek parte-hartzaileen esku ordenagailuak eta Adobe Première 7.0 programa jarriko dituzte. “Gutxieneko baliabide teknikoak, aldiz, parte-hartzaileen kontura joango dira”, argitu du Perez Anguerak, hau da, “kamerak, horiei dagozkion euskarri digitalak...”.
Rallya izango den egunean bertan, hots, abenduaren 17an, grabatutako lanak proiektatuko dituzte, arratsaldeko 20:30ean. Horren ondoren, sari banaketa egongo da. Guztira, 900 euroko hiru sari emango dira: epaimahaiaren saria, ikus-entzunezkorik originalena eta gaia ondoen islatu duena. Epaimahaikideak “artea eta kultura munduko profesionalak eta ordezkariak” izango direla iragarri du Topaguneko ordezkariak.
Parte hartu nahi duten gazteek azaroaren 21a baino lehen izena eman beharko dute Topagunean (www.topagunea.org) edo Eibarko ...eta Kitto! Euskara Elkartean (www.etakitto.com).
Euskararen erabileran eragitea, helburu
Euskal Herriko 82 elkarte biltzen ditu Topaguneak. Hortaz, hainbat esparrutan euskararen erabileran eragitea du helburu. Horixe bera dugu Ikus-entzunezkoen Rallyaren ardatza. Alde horretatik, Topaguneko Gazteak Sailak antolatzen dituen “Gazte Sortzaile Sariak egitasmoaren barruko proiektua da Ikus-entzunezkoen Rallya”, Perez Anguerak azaldutakoaren arabera. Sariok gazte euskaldunon sormena sustatzeko antolatzen dira. Aurreko edizioan oso arrakastatsua izan zen Graffiti Lehiaketa antolatu zuen, iaz, Topaguneak. Gazte Sortzaile Sarien bigarren edizio honetan, ikus-entzunezko lanen egileei euskaraz euren ekoizpen artistikoak gizarteratzeko aukera emango die Euskara Elkarteen Federazioak.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa