Zorretan %2,9ko jaitsiera aurrikusten du 2006rako Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 25a, 23:18

EAJ, EA eta EB-Berdeak taldeek osatzen duten Getxoko Gobernu Batzordeak urriaren 28ko (ostiral honetan) osoko bilkuran aurkeztu du 2006rako aurrekontuen zirriborroa, udalbatzak onartu ala ez erabaki dezan. “Aurrekontuaren ezaugarri nagusia da, bertan jasotako inbertsioak zorrik gabe egingo direla, aurten inbertsioen erdia alderantziz egin ditugunean”, nabarmentzen dute udal agintariek. Zorretan %2,9ko jaitsiera aurrikusten dute 2006rako, "azken urteotakoa baino handiagoa". Gainera, 2005eko diru-sarreren kudeaketan Bizkaiko Foru Aldundiak izandako gaineratikoa ere jasoko du Getxoko Udalak, Udalkutxaren bidez. Joan den ostiralean aurkeztu zuten 2006rako aurrekontuen zirriborroa Iñaki Zarraoa alkateak (argazkian, eskuinean) eta Manu Etxebarria Ogasun zinegotziak (argazkian, ezkerrean).

Aurten aurreztutako 3,5 milioi euro, 9,4 izango dira 2006an, Etxebarriak adierazi zuenez. "Diru-sarreren %17,4ko igoera ematen denez, 15 milioi euro inguruko inbertsioak egin ditzakegu, kreditu berriekin zorpetu gabe", azaldu zuen. Besteak beste, Getxoko Udalari berari 83.951.000 euroko diru-partida jarri diote aurrekontuen zirriborroan. Udal erakunde autonomoei, berriz, 4.962.000 euro Jesusen Bihotza Udal Egoitzari, 2.071.000 euro Andres Isasi Musika Eskolari, 5.479.000 euro Getxo Kirolei eta 5.654.000 euro Getxoko Kultur Etxeari. Guztira, 102 milioi euro baino gehiago.

"Udal aurrekontuek ehun milioi euroak gainditzen duten lehendabiziko aldia da", Manu Etxebarriak ostiraleko prentsaurrekoan nabarmendu zuenez. Hala ere, "egiazkoagotzat" jo zuen aurrekontu finkatua Ogasun zinegotziak, "diru-partida bikoiztuak ez dituelako". Aipatutako azken hori 92 milioi euro ingurukoa da, 2005eko 86 milioi euroen aldean. Bataz beste, %6,2 gehiago.

Diru-sarrerak eta gastuak

Aurrikusitakoaren arabera, diru-sarrera arruntak %17,4 haziko dira 2006an. Aipatu hazkundea “ikusgarria” dela aipatu zuten udal arduradunek, bereziki Bizkaiko Foru Aldundiak zerga itunduen ganean egindako gestioaren eraginez, "aurten bikaina izan baita". Horren ondorioz, "datorren urtean diru-sarrera handiak izango ditu Udalak, eta horri esker ez da zorretan sartuko", Etxebarriak adierazitakoaren arabera. Bestalde, gastu arruntak gastu orokorraren %81,38 izango dira (2005an baino %3,9 gehiago, KPIren azpitik). Udal agintarien ustez, "2006rako aurrekontua Euskal Herriko egoera ekonomikoaren neurrikoa da, hau da, egokia".

“Hala ere, oraingoan bezela, diru-sarrera egokiak datozenean, gastu arrunta kontrolatzeko ardura izaten jarraitu beharko dugu, horrek ematen baitio udalerri bati egonkortasuna. Hori guztia, gastu arrunta handitzen duten hiru ekintza ditugun arren: Gizarte Arlo osoa, Jesusen Bihotza Udal Egoitza eta Gobela kiroldegia”, nabarmendu zuen Zarraoak. Diru-sarrera eta gastuen arteko "jokoak" 9 milioi euroko aurrezpen garbia ekarriko du, aurtengoaren halako 2,6koa.

Arloz arlo

Aurrekontuei dagokienez, hazkunderik handiena (%26) izango duen arloa Presidentzia da, Garapenerako Lankidetza, Euskara, Komunikazioa, Herri Babesa... azpiarloak hartzen dituena, alegia. Batez ere, Getxoko Udaltzaingoaren polizi etxean egingo diren zaharberritze lanengaitik.

Gizarte Zerbitzuak, Etxebizitza eta Hiri Antolamendurako arloak %13ko igoera izango du, batez ere gizarte-gastuari dagokionez. Hirigintza %10 haziko da, Ogasun eta Giza Baliabideak %8, Ingurumen arloa %6,1, eta Hezkuntza eta Kirolak %1,5. "Azken honetan kopuruak behera egiten du Gobela kiroldegia amaitutakoan inbertsioak gutxitu egin direlako", udal arduradunen esanetan. Talde eta elkarteei emango zaizkien dirulaguntzak, berriz, %12 igoko dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun