Areetako Xake plazan karpa jarri behar izateak urtean 300.000 euroko gastua dakarkio Udalari, atzoko agerraldian, Getxoko PPk adierazi zuenez. Hain zuzen ere, ostiraleko osoko bilkuran aurkeztuko duten zuzenketan, diru kopuru hori egokitu diote kultur areto berria izango zenari, "nahiz eta badakigun eraikin osoa egitea sei milioi euro baino gehiago aterako litzatekeela". Popularren hitzetan, "egitasmoa garatzen hasteko baino ez" litzateke izango aipatutako diru-partida. Bestalde, "udalerriko plaza batean etengabe karpa erraldoi izateak traba nahikotxo sortzen dizkie bertan denborapasan egon ohi diren lagunei", argudiatu zuen Arruek.
7.000 metro koadro
Izenik eman nahi izan ez zuen arren, Algortako Portu Zaharreko kultur aretoko diseinua arkitekto getxoztar batek egina dela adierazi zuen Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. Guztira, 7.000 metro koadroko azalera izango lituzke eraikinak; sotoa eta beste bi solairu kontutan hartuta. Materialei dagokienez, hormigoi, beira, titanio eta harriz egina egongo litzateke. Inguruan integratuta geratuko litzatekeenik zalantzarik ez du zinegotzi popularrak. "Kultur areto moderno horrek ondo emango luke Portu Zaharreko ikuspegi tradizionalarekin. Ingurune horretako edertasuna ez luke ezkutatuko eraikin berriak", azaldu zuen.
Sotoan txotxongilo, musika eta bestelako emanaldiak egiteko estalperik gabeko (eguraldiaren arabera estali dadila ala ez aztertzen ari dira) auditorioa jartzea aurrikusten dute, 500 pertsonentzat. Beste horrenbeste lagun hartuko lituzke hitzaldiak, diaporamak... gela balioanitzak. Lehenengo solairuak eremu garbia edukiko luke berau gela anitzetan banatu ahal izateko horma eta zoru mugikorren (1.000 metro koadro) bidez; 800 lagunentzakoa gutxi gora behera. Horren atzealdean, berriz, hainbat zerbitzu jartzeko tartea geratuko litzateke, luntxak egin ahal izateko taberna, besteak beste. Azkenik, goiko solairuak makineria eta soinu eta argi kontrol gelak hartuko lituzke. Baita tamaina txikiago gela balioanitzak ere.
Aparkalekuak eta trafiko arazoak
Eraikinaren atzealdean geratuko litzatekeen tartean parkea egitea ez du baztertzen Getxoko PPk. "Parkinga ere egin daiteke bertan", adierazi zuen kazitarien galderei erantzunez Arruek. "Dena den, aparkalekuan lur azpian egotea nahiago dut", gaineratu zuen. Bestalde, Getxoko Kirol Portua eta Algortako Portu Zaharrerako iblgailuentzako sarrera-irteerak moldatu egin beharko liratekeela uste dute popularrek. "Aspalditik eskatzen ari gara bertako trafiko arazoentzako irtenbidea. Ostiraleko zuzenketan ere kontutan hartzen dugu", jakinarazi zuen Andradek.