Galeako gotorlekuaren azterketa eta garbiketa aginduko diote arkeologo talde bati

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 26a, 20:52

Arkeologo talde batek Galeako gotorlekua (argazkian / Itxas Argia Mendi Taldea) aztertzeko eta garbitzeko lanak zuzenduko ditu, Getxoko Udalak horrela eskatuta, Iñaki Zarraoa alkateak gaurko prentsaurrekoan jakinarazi duenez. “Printzearen Gaztelua” izenarekin ere ezaguna, 1742an eraiki zuten, Bizkaiko jaurerriak bultzatuta eta “garai horretako gotorleku garrantzitsuenetako bat da”, udal agintariaren hitzetan. Bere ezaugarrirekin, lurraldean geratzen den eraikin gutxienetako bat da eta Euskal Kultur Ondareari buruzko Legeak babesten du. Hori dela eta, bertan egiten den edozein lanak ondarea babestearekin bat etorri behar du. Zarraoak adierazi duenez, “edozein monumentuk ondo zainduta egoteko erabilera bat eduki behar duela argi daukate Eusko Jaurlaritzako zein udal teknikariek”. Aixerrotakoa bezalako jatetxea egiteko egokitu nahi du Galeako gotorlekua Getxoko Udalak.

Gotorlekua aztertzeko eta garbitzeko lanak denbora gutxian esleituko ditu Getxoko Udalak eta horien iraupena bi hilabetekoa izango da. Lanek 30.000 euroko aurrekontua dute eta ingurua kontu handiz garbitzeaz gain, Galeako gotorlekuaren balioezpen arkeologikoa ere egingo dute Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzako adituek. Besteak beste, gotorlekuaren gaur egungo egoera, historia, egituraren egungo elementuak zein izkutatuta edo desagertuta egon daitezkeenak ere aztertuko dituzte, hortik aurrera, erakinaren etorkizuneko erabilera erabaki ahal izateko. Azterketa arkeologikoa amaitu eta, horixe bera, Kultur Ondarearen Zuzendaritzako teknikariek aztertu ondoren, Galeako gotorlekua zein baldintzatan erabili dezakeen adieraziko diote Getxoko Udalari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun