Jardunaldiren batzuk dauden bakoitzean karpa erraldoia jarri behar izatea "dirua zarrasteltzea" –esandakoaren arabera, 300.000 euro urtean– dela argudiatzen du Getxoko PPk, Algortako Portu Zaharreko zabaldegian kultur areto berria eskatzeko. Hala ere, ez du horrela uste Zarraoak. "Leku itxian eta, karpa erabilita, kanpoaldean (udan gehienbat) kultur ekitaldiak egitea bateraezinak direnik ez dut uste. Gauza oso ezberdinak dira", adierazi du. Dirua zarrasteltzea popularrek planteatutako 2.000 lagun ingururentzako zentroa egiteari iritzi dio alkateak; "batipat udalerriaren beharrizanetara egokitzen den kultur aretoa behar duelako izan".
Zarraoak esandakoaren arabera, oso gutxitan betetzen da Areetako Xake plazako karpa. Gainera, hurbil kultur areto handiagoak badaudela gogoratu du udal agintariak; Barakaldoko BEC, Bilboko Euskalduna Jauregia eta Kultur Leioa, hurrenez hurren. "Arazoa karparen beraren kokalekua bada, jarri nahi duten Iberberango geltoki parean egongo den zabaldegira aldatzea azter daiteke", adierazi du alkateak.
Finantziaketa
Aurrikusitakoaren arabera, 2006ak udal diru-kutxari onurak ekarriko dizkion arren, "hurrengo urtean nolakoak" izango diren ez dagoela argo ohartarazi du Zarraoak. Gauzak horrela, "kultur aretoa egiten hasteko Getxoko PPk eskatzen dituen 300.000 euro datorren urtean ordainduz gero, 5.700.000 euro faltako litzaizkiguke oraindik", azaldu du. Izan ere, zentro berriaren aurrekontua sei milioi eurotan jarri dute popularrek. "Izango dituen ezaugarriak edukita, prezio horretan laupabost erosiko nituzke eta gero saldu", adierazi du ironikoki alkateak, alderdi konstituzionalistako kideei "seriotasun gutxi" izatea egotziz.
Besteak beste, Espainiako Gobernuari eskatu ahal zaiola dirua, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak esandakoa ere ez du aintzat hartu Zarraoak. "Bere garaian, Jaime Mayor Oreja eta Carlos Iturgaizekin elkarrizketatu ziren Bruselan, tokiko erakundeei ematen dizkieten diru-laguntzen berri izateko. Oraindik ez dugu sosik ere ikusi", nabarmendu du alkateak.
Areetako musika eskola
Beste alde batetik, bertoko zine eta antzerki emanaldiei eusteko, Areetako Andres Isasi musika eskolan berrantolaketa egitea aurrikusten du Getxoko Udalak, 400 lagunentzako kultur aretoa edukitzeko, eta bide batez, Algorta eta Areetan zentro bana edukitzeko. Aztertzen ari diren irtenbideen artean, Algortan musika eskolaren beste egoitza bat jartzea izango litzateke aukeretako bat, Zarraoaren hitzetan, "gaur egungoan dagoen jende masifikazioa arindu eta kultur ekitaldiak eskaini ahal izateko".
Gaiaren inguruko berriak:
Algortako Portu Zaharrean kultur areto berria nahi du Getxoko PPk