"Diru-sarrerei eusteko" %4 igoko dituzte zergak eta tasak Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 27a, 15:25

Datorren urteko tasa eta zergetan, bataz beste, %4ko igoera onartu zuen, joan den astearteko osoko bilkuran, Erandioko udalbatzak (argazkian); tokiko gobernua osatzen duten EAJ eta EA taldeetako ordezkarien botoei esker. PSE-EE eta Ezker Batuko kideak, berriz, abstenitu egin ziren eta PPk ezezkoa eman zuen. 2005eko amaierarako aurrikusitako Kontsumorako Prezioen Indizearen pareko igoerak "udal diru-sarrerei eustea" ahalbidetuko duela adierazi zuen Joseba Goikuria Ogasun zinegotziak. Bestalde, Juan Otermin sozialisten bozeramaleak "zarama bilketaren kostuari buruzko informazio nahikorik ez" izatea argudiatu zuen Gobernu Batzordearen proposamenarekin bat ez etortzeko. Javier Ruiz popularren ordezkariak ere gauza bera adierazi zuen, onartutako hobariak "urritzat" jotzearekin batera, "familia ugariak eta gurasobakarrak bezalako gizarte taldeak kontuan hartzen ez dituztelako".

Besteak beste, ondasun higiezinen, jarduera ekonomikoen edota ibilgailuen gaineko zergetan izango du eragina onartutako igoerak. Azken honetan, gutxienez, 25 urte dituzten autoentzako erabateko hobaria aurrikusten da. Aipatu zerga-salbuezpena jasotzeko aukera izateko, historikotzat aitortuta egon behar dute ibilgailuek edo garai bateko automobilen elkarte baten jabegokoak izan. Eraikuntza, Instalazio eta Obran gaineko zergan, berriz, %5eko igoera izango da; eraikinen estalkiaren zaharberritze integralari (fatxadak, teilatuak, irisgarritasuna...) dagozkien lanetak izan ezik. Horietan, %2koa izango da.

Tasak

Batez besteko %4ko igoerak tasa gehienetan (zarama bilketa, irekitze lizentzia, garabia, San Jose Udal Egoitza...) izango du eragina. Berrikuntzen artean, berriz, hornidura-azokaren gaineko tasa desagertu eta berri bat ezarriko zaie udaletxean ospatzen diren ezkontza zibilei. "Ezkontza bakoitzeko 100 euroko kuota ezarri genuen, baina azkenean ez da neurri hori aplikatuko, horien gaineko udal-ordenantzan egindako aldaketen emaitzak ikusi bitartean", adierazi zuen Goikuriak.

Azkenik, kultur zerbitzuen gaineko tasa (lokalak erabiltzea, fotokopiak, kultur programazioa eta gazte bulegoa) ere ezarri dute eta, udal kiroldegietan, %1,4ko igoera izango da bazkideen txartelean eta %3,3koa ikastaroetan (firness eta spining kiroletan %4koa).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun