Euskara sustatzeko egitasmoa
Berbotsen helburu nagusia azken urteotan erandioztarren artean euskararen erabilera sustatzea izan da, horretarako euskarazko kultur eskaintza zein ekitaldi ludikoak antolatu dituela. Ostiralean abiatuko den Bordatxu gazte-txokoaren bidez "urrats bat gehiago eman nahi izan dugu, 12tik 16 urtera bitarteko gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko asmoz" azaldu du Erandioko elkarteak prentsa ohar baten bidez.
Gazte-txokoaren proiektua aurrera ateratzeko garrantsitzua izan da seme-alaba gaztetxoak dituzten euskara taldeko hainbat kideen parte-hartzea. Izan ere, "gazteek euren artean euskara oso gutxi erabiltzen dutela eta horren inguruko hausnarketa egiteko proposamena luzatu zioten taldeari" gaineratu dute.
Artearekin konpetentzian
Bordatxu sortzerakoan, Berbotsek kontuan hartu izan ditu bi alderdi: alde batetik, nerabezaroan, familiak protagonismoa galdu "eta koadrila erreferente nagusi bilakatzen den unean", euskarak oso presentzia eskasa duela Erandion, komunikazio-hizkuntza bezala; beste aldetik, gaur egun Erandion ez dagoela "gazteei bereziki zuzendutako ekipamendurik" eta gazte askoren aisialdia merkataritza guneetan barrena izaten dela, askotan teknologia berriei lotuta.
Arazo bikoitz horri erantzuna eman nahi dio Bordatxu gazte-txokoak, aisialdi altenatibak eskainiz eta "euskaraz berba egiteko ohitura pizteko asmoz", gaztetxoen arteko "eguneroko komunikazio-hizkuntza euskara ere izan dadin".
Urriaren 28tik aurrera Erandioko nerabeek aisialdirako aukera berria izango dute. Izan ere, ostiralean 17:00etan irekiko ditu ateak lehenengo aldiz Bordatxu izeneko gazte-txokoak, Keli taldeak girotuta. Ehun bat metro koadroko lokala Erandio Bekoako San Jeronimo kalean dago eta Berbots Erandion Euskaraz! elkarteak alokatu du herriko gaztetxoek erabil dezaten lagunekin egoteko, musika entzuteko, irakurtzeko, sarean nabigatzeko, mahai jokoetan aritzeko zein gogoko dituzten tailerretan aritzeko. Era berean, gazteek horrela nahi izanez gero, irteerak antolatzeko aukera aurreikusi dute Berbotsekoek. Lokala asteburuero egongo da zabalik, ostiral zein larunbatetan, arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, 12tik 16 urtera bitarteko gazteentzat, eta baldintza bakarra jarri du euskara taldeak: bertan erabiliko den hizkuntza euskara izatea. Bestalde, Bordatxu dinamizatzeko ardura Berbotseko Janire Morales Goenetxeak izango du, baina hainbat gazte dagoeneko prest agertu dira laguntzeko.