Nahiz eta EAJk eta EAk osatzen duten Leioako Gobernu Batzordeak gehiengo osoa izan, PSE-EEren aldeko botoak ere jaso zituen, joan den asteko osoko bilkuran, 2006rako udal zergak %3,3 (BIkaian aurrikusitako Kontsumorako Prezioen Indizearen parekoa) igotzeko proposamenak. PPk eta Ezker Batuak, berriz, abstenitu egin ziren. Onartutako igoerak "zerga-zama handitzea ez" dakarrela argudiatu zuen Jose Manuel Toledo sozialisten bozeramaileak udal gobernuak proposatutakoarekin bat egiteko. Karmelo Sainz de la Maza alkate jeltzaleak, berriz, "zergak eta tasak igotzea aurreko agintaldietako diru-bilketa kapazitateari eusteko baino ez" dela adierazi zuen. Bestalde, "gizartean gutxietsitako kolektiboentzat aldaketa handiagoak aurrikustea beharrezkoa" zela adierazi zuen Iñaki Gomendiourrutiak, EB-Berdeak taldearen abstentzioa arrazoitzeko. Azkenik, Xabier Olabarrieta bozeramaile popularrak eurek aurkeztutako proposamen bat bera ere kontuan ez hartzea egotzi zien udal agintariei. Argazkian, Leioako udaletxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!