Hilero bezala, azken ostiralerako, urriak 28, hainbat kontzentrazio deitu du Etxeratek Euskal Herri osoan. Hilabete honetako leloa "Estatus politikoa orain!" izango da, euskal preso politikoen senideek pasa den asteazkenean jakinarazi zuten bezala. Bestalde, presoen aldeko olerki eta musika errezitaldia egingo dute bihar ere Donostiako Lugaritz kultur aretoan, PPk debekatzeko eskatu arren. Bitartean, Uribe Kostan honakoak izango dira hitzorduak: Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Areetan, Xake plazan; Algortan, Telletxen; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean; Urdulizen, BBVAren aurrean; eta Armintzan, bus geltokiaren aurrean. Kontzentrazio guztiak 20:00etan izango dira, Armintzakoa izan ezik, 19:30ean burutuko baita. Leioako Kurkudi eta Algortako Amnistia tabernetan taloak egongo dira kontzentrazioen ostean.