Hasieratik irakasle hauek eta babesa ematen dieten sindikatuek izan duten jarrera, interes pertsonalak eskubide kolektiboen gainetik jartzearena izan da. Irakasle eta gurasoen –batzuenez ari dira, noski– eskubideen babesa aldarrikatzen dute lau haizeetara, behin eta berriz. Baina ahaztu egiten zaie –edo ahaztu egin nahi dute– hizkuntza eskubideak oinarrizko eskubideak direla, indibidualak eta kolektiboak; nazioarteko oinarrizko eskubideen deklarazioek jasotzen duten moduan. Gisa honetako jarrerak hartzen dituztenek, pertsona orok bere herriko hizkuntza eskola bidez jasotzeko duen eskubidea zapuztu egiten dute.
Onartezina da aipatu dugun moduan sindikatu hauek normalizazio prozesuaren aurkako agente aktiboak izatea. CCOOen inguruan, ezin aipatu gabe utzi egiten dituen hitzak eta ondoren hartzen duen jarreraren arteko koherentzia eza. Izan ere, hitzez euskararen normalizazioaren alde daudela adierazten dute; baina jokaeraz euskararen aurkako neurriak hartzen eta bultzatzen dituzte.
Euskara gutxiagotua
Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra. Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntzaren ondorioz, bertako hizkuntza egoera gutxiagotuan dago. Hortaz, ezinbestekoa da hau normalizatu dadin neurriak hartzea. Bide horretan urratsak ematen ari gara sektore ezberdinen artean, arestian aipatu dugun moduan eta ezin dugu hau galgatuko duen jarrerarik onartu. Ezinbestekoa da, hortaz, euskarak funtzio guztiak betetzea eta horretara heltze bidean, beharrezkoa, baita ere, langile guztiak euskaldunak izatea. Euskarak, bere lurralde osoan ofizialtasuna aitortua behar du.
EHEk, orain arte bezala, hori gauza dadin lanean jarraituko du, euskalgintzak bezalaxe. Baina, euskararen normalizazioak guztion inplikazioa du beharrezkoa. Ezin dugu onartu honen aurkako ekimen gehiagorik! Langile guztiak euskaldunak! Eskolak euskaldundu behar du!
Euskal Herrian Euskaraz