Radar digitalaren bidez kontrolatuko dute abiadura Abantzadan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 28a, 15:55
Ertzaintzak abiadura kontrolatzeko erabiltzen duen tresneria berritu egin du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Besteak beste, teknologia digitala erabiltzen duten 19 lur-radar jarriko dituzte ibilgailu kamuflatuetan zein polizia-ikurrak dituzten autoetan, kontrolak egiteko. Aparatu berriek zehaztasun eta kalitate handiagoa eskaintzen dute abiadura neurtzeko orduan, eta "izunak ipintzeko prozesua ere errazten dute", Lakuako iturrien arabera. Horietako bat Uribe Kosta eskualdeko Erandio, Leioa eta Getxo udalerriak zeharkatzen dituen Abantzadan egongo da. Bestalde, astelehenean hasiko da abiadura kontrolatzeko 15 eguneko bigarren kanpaina, Euskal Autonomia Erkidegoko Trafikoko Plan Estrategikoaren barruan.
Orain arte zerbitzuan zeudenak ordezkatuko dituzte 19 radar digital berriek. Bizkaian zortzi ipiniko dira, beste bost Araban eta sei Gipuzkoan. Trafiko Zuzendaritzak beste sei radar digital jarriko ditu zerbitzuan laster, EAEko hiru lurraldeetan banatuta; beraz, 25 izango dira guztira. Horiek sistema digitalaren abantailak dituzte eta aurrerapen nabarmena ekarriko dute ohiko neurgailuekin alderatuta, Herrizaingo Saileko arduradunen hitzetan. Automatikoki irakurtzen dute ibilgailuaren matrikula eta zuntz optiko bidez bidaltzen dute informazio hori datuak prozesatzeko zentrora, "zigorrak jartzeko prozedura abiatzeko".

Ekipamendu digitalak kalitate handiko irudiak eskaintzen ditu, gauez zein egunez, ohiko argazki-filmeek baino hobeagoa. Halaber, radar berria zehatzagoa da abiadura neurtzen eta araua hautsi duen ibilgailua identifikatzen. "Gainera, ia edonon jar daiteke errepidetik gertu, zubi batean edo errepide gaineko pasabide batean, esaterako; ezkerreko bidea zorrotzago zaintzeko aukera ere ematen du, horietan izaten baitira arau-hauste larrienak", azaldu dute.

Sistema horrekin, "radar finkoen sarea zentralizatu" ahalko du Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, bertatik horien guztien funtzionamendua zaintzeko eta arau-hausteak lurralde-bulego bakoitzera helarazteko, horiena baita zehapen-espedienteak bideratzeko ardura.

Kontrol finkoak

Urrian hasita, hainbat kontrol (finko zein higikor) egin ditu Ertzaintzak radar berriekin, horiek ibilgailu kamuflatuetan zein polizia-ikurrak dituzten autoetan jarrita. "Istripu gehien izaten dituzten errepide-zatiek eta ibilgailuek normalean gehiegizko abiadura hartzen duten tarteek dute lehentasuna kontrolak jartzeko", argitu dute Herrizaingo Sailetik.

Seinaleztatutako tarteetan neurtzen dute radarrek ibilgailuen abiadura. Gaur egun, 29 kabina daude zeregin horretarako Bizkaian eta sei Gipuzkoan; Araban, berriz, beste lau jarriko dituzte, A-68 autobideko bi puntutan: Altuben eta Subijanan. Beraz, 39 kontrolgune finko izango dira guztira.

Abiadura neurtzeko kabinak dituzten errepide-zatiei dagokienez, Bizkaiak 29 kabina ditu, Gipuzkoak sei eta Arabak lau. Indarrean dagoen araudiari begiratuz, trafiko-araudiak, abiadura alorrean, 91 eta 300 euro bitarteko isunak jasotzen ditu arau-hauste larrietarako, eta 301 eta 600 euro artekoa eta gida-baimena kentzea oso larrietarako. Arau-hauste larritzat hartzen da ezarritako muga %50ean gainditzea, beti ere aldea orduko 30 kilometrotik gorakoa bada.

Kanpaina berria

Bestalde, abiadura kontrolatzeko kanpaina berria urriaren 31n hasiko da, 15 egunekoa. Hori dela eta, Ertzaintzak eta hainbat herritako udaltzaingoek abiadura-kontrolak areagotuko dituzte. Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa 2003-2006ren baitan jarriko dute abian, "auto-istripuen kopurua murriztu eta abiadura-muga gainditzeak eragin ditzakeen ondorioei buruz kontzientziatzeko".

Hasiera batean, irailaren 15ean jarri behar zuten martxan bigarren kanpaina hau, baina atzeratzea erabaki zuten "Ertzaintzaren radar guztiak berritzeko denbora egon zedin", adierazi dutenez. Maiatzaren bigarren hamabostaldian egin zuten antzeko kanpaina baten bidez, 80.567 ibilgailuren abiadura kontrolatu zuen Ertzaintzak; 2.307k (%2,8) salaketa jaso zuten, abiadura-muga gainditzeagatik.

Jakinarazi dutenez, 2004an 16.018 ordu eman zituen polizia autonomikoak abiadura-kontrolak egiten eta hauek dira horien emaitzak: 2.491 kontroletan, 454.296 ibilgailu kontrolatu eta 15.889 salaketa jarri zituzten, radar higikorrak atzemandako arau-hausteen ondorioz.

Herrizaingo Sailak 27.000 salaketa baino gehiago bideratu zituen iaz gehiegizko abiaduragatik. Halako kanpainek zaintza-lanak areagotzen badituzte ere, urte osoan egiten ditu abiadura-kontrolak Ertzaintzak. Gainera, Bizkaian, gehiegizko abiaduran doazenei alkoholemia proba egingo zaie. Aurreko kanpainan, radarrak atzeman ostean alkoholemia proba egin eta positibo eman zuten 13 gidari harrapatu zituzten ertzainek.

Abiadura zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainaren balantzea 2005eko maiatzaren 16tik 29ra egin zen. Ertzaintzak kontrolatutako ibilgailuak Bizkaian 34.864 (salatutako ibilgailuak 1.102), Araban 8.208 kontrol eta 388 salatu, eta Gipuzkoan 37.504 kontrol eta 817 salatu izan ziren. Guztira Euskal Autonomia Erkidegoan 80.576 kontrol egin ziren eta 2.307 ibilgailu salatu ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun