Leioa eta Getxo udalerrietan kokainarekin trafikatzen zuen taldea desegin du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 28a, 20:51

Getxo udalerriko ertzain-etxeko agenteek 22 eta 49 urte arteko bost lagun atxilotu zituzten joan den asteartean (urriak 25), gauerdian, aipatu herrian eta Leioan, ustez droga-trafiko delitua egiteagatik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazitakoaren arabera, ostalaritza establezimendu getxoztarra erabiltzen zuten atxilotuek, kokaina Madrilen erosi, eta Leioa eta Getxo udalerrietan banatzeko. Besteak beste, 2'3 kilo kokaina, 41.000 euro, balantzak eta drogarekin nahasteko substantziak atzeman zizkieten lau gizonezko eta emakumeari. Taldeko burutzat jotzen dutena izan ezik, beste guztiak kalean daude jada.

Ikerketa iragan uztailean abiatu zuten, Getxo udalerriko taberna batean estupefazienteak salerosten ziren susmoa baitzuen Ertzaintzak, Herrizaingo Saileko iturriek adierazi dutenez. Hala ere, establezimendu horren gaineko xehetasun gehiagorik ez dute eman. Ordutik martxan izan duten ikerketak asteartean, urriaren 25ean, eman zuen emaitza: ustez taldea osatzen zuten bost lagunak topatu eta atxilotu egin zituzten. Gauerdia aldera, J.C.G.C 49 urteko gizona –ikertzaileek taldeko burutzat dutena– atzeman zuten Leioako bere etxebizitza inguruan. Handik gutxira, H.G.A. eta A.S.C. (biak 48 urtekoak), J.I.P.F. 38 urtekoa eta A.M.B. 22 urtekoa atxilotu zituzten.

Lau askatu dituzte

2'3 kilo kokaina, 41.000 euro inguru, doitasun-balantzak, drogak banatzeko tresnak eta kokainarekin nahasteko substantziak atzeman dituzte. Bestalde, J.C.G.C. kartzelaratzeko agindua eman du epaileak. Beste atxilotuak, berriz, aske geratu dira, baina agintari judizialen aurretik agertu beharko dute aldiro-aldiro, badaezpadako neurri gisa. Atxiloketa horiekin taldea desegintzat jo du Ertzaintzak eta, horrenbestez, ikerketa amaitu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun