Oinezkoen Pausora egindako Ibilaldia "Leioarako ez hain txikiak-Generaccion" hezkuntza egitasmoaren barruan programatutako jarduera da. Tokiko Agenda 21 delakoaren bitartez, "Leioak abian jarri duen grapen jasangarria lortzeko bidean, hezkuntza-zentro, neska-mutiko, gazte eta helduentzako partaidetzarako esparrua" izan nahi du jarduera horrek, udal iturriek azaldu dutenez. Horretarako, hurrengo hiru ikasturteetarako hainbat ekintza antolatu dituzte. Besteak beste, 2005-2006an ondoko jarduerak daude aurreikusita: Kutxa Bidaiariak, Txokoak, Oinezkoen Pausora egindako Ibilaldia, Trukatuz, Ingurumenaren Astea (Bizi Leioa bizikletaz, Kutxatu, Oinbusa, sentsibilizazio kanpainak...) eta Mugikortasunaren Astea.
Helburuak
"Autoen erritmoaren ordez, oinezkoena hartuko du Leioak. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu ibilaldian, handiagoa izango da Leioari erritmoa markatzeko izango dugun gaitasuna. Ez baita gauza bera auto-gidaria zain egotea oinezko batek bidea zeharkatu arte, edo oinezkoak hogeita hamar badira. Gauzak horrela, pasatzen diren hogei auto bakoitzeko bost oinezkok zeharkatzea bidea, edo hogei oinezkoko bost auto igarotzea ere ez da gauza bera", udal arduradunek azaldu dutenez.
Horretaz gain, euren jokoetan eta bizitzan helduek neska-mutilen "segurtasunaren bermatzaile" izatea, mugikortasun aldetik "gune beltzak" aurkitzea eta udalerriko guneez modu osasungarri eta alternatiboan gozatu ahal izatea dira biharko ekimenaren helburuak.
Jokoaren arauak
- Mapan gorriz markatutako kaleetatik bakarrik igaro daiteke.
- Ibilaldia espaloietatik egingo da. Ezin da galtzada zapaldu, ez bada zebra-bideetatik pasatzeko.
- Mapan markatutako atseden gune guztietatik igaro behar da (puntu berdeak eta koadro urdina). Horietako bakoitzean, oinezkoek zinta bat jasoko dute, bertatik pasatu direla egiaztatzeko.
- Oinezkoek atseden gune guztietan hartu beharko dituzte txartelak (berdez markatutako 5 gune), Boulevardera heldu baino lehen (atseden gunea-koadro urdina). Han, txartelen truke pegatina bat jasoko dute, eta horixe izango da ibilaldiaren azken zatirako txartela: Boulevard-Errekalde Errota tartea da ibilaldiaren azken zatia.
- Oinezko bakoitzak nahi duen ordena eta noranzkoa aukeratu dezake ibilbidea egiteko, baina mapan markatu eta baimendutako kaleak baino ez dira erabiliko horretarako.
- Espaloi bakoitza behin bakarrik eta noranzko bakarrean zeharkatu ahal izango da. Kale beretik atzerantz egiteko, beste espaloia erabili beharko da, eta horretarako zebra-bidea zeharkatu.
Leioako Udaleko iturriek adierazi dutenez, "berezko mugak" baino ez dira jokoari ezarritako arauak. Hortaz, "amarruak erabiltzea ez litzateke zentzuzkoa izango".
Mapa eskuratu (pdf)