Bertan aurrikusi dituzten lanak lau fasetan egingo dituzte. Aurreratu dutenez, lehenengoan Apiotar Bidea oinezkoentzat jarri eta Liburutegi Nagusiko eraikina berriztatuko dute. Bigarrenean, berriz, behekaldeko arkupeak zaharberritu eta aparkaleku berriak jarriko dituzte. Hala ere, Perezen arabera, proiektua ez da dokumentu itxia, berrikuntzak onartzen baititu. Errektorearen ustez, "EHUren azpiegiturak modernizatzeko aukera paregabearen aurrean gaude" eta jendearen "zalantzazko, eta egonezinezko" erantzunak ulertzen dituela baieztatu du.
Finantziazioa
"Anbizio handiko egitasmoa da eta baita unibertsitateak dituen 50 urteetan egin den garestiena ere", Perezen hitzetan. Errektorearen arabera, diru gehiena Euskadiko erakunde publikoetatik aterako dute eta dagoeneko abian dira finantzaketa lortzeko akordioak. Era berean, EHUko higiezin-ondarea saltzeko eskaintza publikoaren bidez proiektuaren kostuaren %40 ateratzen saiatuko dira, hots, 85 milioi pezeta. Plana Bizkaiko instalazioak ordenatzen saiatuko da; izan ere, egun, Bilbo, Leioa, Barakaldo eta Portugaleten sakabanaturik daude.
Lekualdaketak
EHUko arduradunek, beste gune bat sortzea aurrikusten dute Sarriko eta Zorrozaurre inguruan. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearekin batera, Elkano Unibertsite Eskola, Lan Harremanak eta Bizkaiko Zuzenbide ikastegia eramango lirateke bertara, azken bi hauek Leioako campusetik lekuz aldatuz. Hori dela eta, Uribe Kostako udalerrian jarraituko duten fakultateak "bakartuta" amaituko dutenen beldur dira Arte Ederrak, Komunikazio eta Gizarte Zientziak eta Zientzia eta Teknologiako dekanoek. Aurretik aipatutako fakultateak gune berrira aldatzeak ekarriko duen "ikasle kopuruaren murrizketak Leioako campusean inbertitzerako orduan eragina" izango duela uste dute.
Agustin Ramos Irizar Arte Ederren dekanoak aitortu duenez, "historikoak" dira Leioako campuseko "lotura arazoak". "Metroa jartzea izango litzateke irtenbideetako bat. Hala ere, oso garestia dela eta 2009 eta 2010 urte bitarterako tranbia jartzea aurrikusten dutela adierazi digute, baina ez dut uste horrekin arazoa konponduko denik", dio unibertsitate arduradunak. "Orain ditugun arazoekin jarraituko dugu datozen hamar urtetan gutxienez", Ramos Irizarren iritziz.