"Barruraino sartu!"
Orain dela gutxira arte ileapaindegia zen San Jeronimo 14ko lokalean gaur ere mototsak, txirikordak eta rastak egiteko aukera izan da, baita Keli taldearen animazioaz gozatzeko ere. Era berean, "Berria" eta "Matraka" egunkariak, komikiak eta liburuak irakur bazitezkeen ere eta mahai jokoak eskura egonda ere, tailerrak, futbolina, txokoko sofak eta Interneta izan dira gazteak gehien erakarri dituzten aukerak. Horietan jardun dute euskara txukunean zein traketsean ere, norberaren ohituraren eta ahalmenaren arabera.
Gaur erakusleiho gisa moldatu da Bordatxu, eta begiraleek gehien erabilitako esamoldea "barruraino sartu!" izan da, lotsati eta urduri zeuden gaztetxoei gauzak errazte aldera. Era berean, gaur ez dute kontuan hartu norberaren adina eta gurasoren bat tartean ikusi ahal izan da, lokalak dituen baliabideak begiratuta seme-alabei gomendatzeko erabakia hartu duena. Ildo beretik, Bordatxo 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat bada ere, adin horretara ailegatzeko urteak falta zaizkienek ere jakinmina asetu dute arratsean. Moralesek argitu digunez urte muga horiek hainbat arrazoiengatik deliberatu zituzten. Hasteko, herriko kale berean dabilen Sirimiri gazte elkarteak batez ere 14 urtera arteko eskaintza ematen duelako, adin tarte nagusiagokoek beren burua bertan ikusten ez dutela baina, aldi berean, gazte hauek kuadrilarentzat lonjaren bat alokatzeko dirurik zein lege aukerarik ez daukate, eta baliabide horietatik aparte gaur arte ez zegoen bestelako lokalik.
Bederatzi hilabeteko lana
Janirek azaldu duenez, orain dela bederatzi bat hilabete hasi ziren bostak proiektuarekin eta haietako bat, Tamara, Berbotseko kidea zenez euskara elkarteari aurkeztu zioten Bordatxu egitasmoa. Horren gainean hainbat hilabete lan egin ostean, orain dela bi hilabete lokala txukuntzen jarri ziren eta gaur emaitzak kaleratu dituzte.
Hemendik aurrera, hileroko tailerrak –filmeak, zirkua, eta abar– zein arratsalde batekoak egin, txokoren baliabideak erabili edo besterik gabe lagunekin lardaskatu edo irteerak antolatuko dituzte Bordatxukideek. Hori guztiori aurrera eramateko erakundeen laguntza izango dute baina Moralesek zehaztu digunez "ez da nahikoa, material eta diru gehiago behar dugu". Horregatik, txokoa autogestionatzeko, hemendik abenduaren 31ra sarrera doan izango bada ere, datorren urtean bazkide izan beharko da bertako azpiegitura erabiltzeko. Bazkidetza dena den ia sinbolikoa izango da: urteko sei euro.
Bordatxuren lan taldeak onartzen duenez, "adin tarte oso zaila hartu dugu, aldaketak nabarmen nabaritzen baitira, baina badakigu ondo aterako dela dena eta ondo ateratzea nahi dugu, kristoren ilusioa dugu". Momentuz, ostiraletan eta larunbatetan zabalduko dute lokala 17:00etatik 21:00etara, baina egitasmoak arrakasta eskuratzen badu baliteke ordutegi zabalagoa izatea edo egun gehiagotan irekitzea. Edozein kasutan, ekimena ezagutu nahi duenak badauka Erandioko San Jeronimo 14ko lokalera gerturatzea zein 630 404 171 telefonora deitzea.
Gaiaren inguruko berriak:
Ostiralean Bordatxu gazte-txokoa jarriko da martxan Erandion (2005 Urr 27)