Larunbat honetan 25. urteurrena ospatuko du Branka kultur elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 1a, 11:41

Itzubaltzeta / Erromo "iraultzen 25 urte" eman dituela lau haizetara aldarrikatzeko, ospakizun bikaina antolatu du azaroaren 5erako, larunbata, Branka kultur elkarteak. Besteak beste, 11:00etan, herriko taberna aurrean piztuko den suziriarekin emango zaio hasiera Branka Egunari eta, iluntzera bitartean, ugariak izango dira ekitaldiak: txistulari eta trikitilariak, nekazal azoka, umeentzako jolasak, erakusketak, euskal dantzak, herri bazkaria, mus txapelketa, ekitaldi politikoa, kontzertua... Branka kultur elkartetik nabarmendu dutenez, "Itzubaltzeta / Erromoko ezker abertzaletik dei zabala egiten diogu jende guztiari gurekin batera 25. urteurrena behar den moduan ospatzeko".

Branka kultur elkarteak plazaratutako prentsa oharra

Branka kultur elkartea, 25 urtez iraultzen

Aurten Branka kultur elkarteak 25 urte betetzen ditu, denbora horretan zehar hainbat ekitaldi kultural eta politiko egin dituela. Hala ere, proiektu honen erraiak aurretik datoz, bere burua ezkertiar eta abertzaletzat zuten Itzubaltzeta / Erromoko auzokideek euskal kultura eta politika berpizteko beharra ikusi zutenean. Ekintza hauek aurrera ateratzeko dirua bildu nahian, hasierako bi urteetan, auzokideak kalamua kaleko lonja batean pintxo eta edariak saltzen aritu ziren. Pare bat urte beranduago, elkarte hasiberriak “Etxe Merkeak” izeneko etxaldean bi solairuko etxea erosi zuen, berriztatzera ekinez: gaur eguneko herriko taberna, alegia.

Proiektu horren hastapenak, trantsizio politikoa deritzogun garaian, hainbat esfortzu biltzera behartu gintuen. Hala ere, Brankatik talde anitz bultzatuak izan ziren: AEK, Udalaitz mendi taldea, ikastolen mugimendua, “Erromo hobe baten alde”, Artatzako parke natural eta publikoa, Itzubaltzeta kolektiboa, (hainbat urtetan inauteriak, euskal jaiak, dantzari egunak eta abar luze bat antolatu zituenak), txosna batzordea, jai batzordea… Hauetatik aparte, auzoarekin zuzenean zerikusirik ez zuten beste talde batzuk ere bultzatu ziren: NATOren aurkako taldeak, Lemoiz Apurtu, Persiako golkoko gudaren aurkako taldea, presoen aldeko taldea… Beraz, Brankak hainbat talde eta elkarteren jaiotzan eta ezarpenean parte hartu duela esan dezakegu.

25 urte hauetan, herriarentzako ekitaldi asko egin dira. Azpimarratzekoak dira artisau, perretxiko, argazki eta gai ezberdinen inguruko erakusketak; Irak, Palestina eta Kubari buruzko zein presoen aldeko hitzaldiak; emakumea eta politikari buruzko mahai inguruak; elkartruke kulturalak Galiziarekin, Extremadurarekin, Sobietar Batasunarekin...; mus, futbol eta xake txapelketak; urtero errepikatzen diren Agate Deuna eta Olentzero bezalako ekitaldiak; deialdi anitzetarako autobusen antolaketa (Nafarroa Oinez, Durangoko Azoka, Aberri Eguna, Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoen aldeko mobilizazioak…); mendi irteerak; euskara eta txalaparta ikastaroak; inauteriak, Itzubaltzeta / Erromo eta Pinuetako jaiak eta Zirgariak herri antzerkian parte hartzea; hau da, herriko ekitaldietan egonez.

Bide errazik ez

Hala ere, esan beharra dago, Brankak ez duela bide errazik izan. 1998an, ezezagun batzuek sua eman zioten herriko tabernari hainbat kalte eraginez. Baina gertakizun horrek ez zituen kikildu elkarteko partaideak eta beraien eskuz egoitza berritzea lortu zuten. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu 18/98 eta ondoko sumario sinesgaitzen bidez, Espainiako Gobernuak Branka kultur elkartearen kontu korrontea eta egoitza bera bahituta dauzkala. Horrek ez du Branka kultur elkartearen eginbeharra eta gogoa zapuztea lortu.

Nahiz eta Branka kultur elkartearen jaiotza 70eko hamarkadaren bukaeran koka dezakegun, bere indar hartzea, hurrengo hamarkadaren hasieran bi maila ezberdinetan izan zela ondoriozta dezakegu:

1. Giza-kulturala: herri kulturan ikusten dugun hutsunea herritik bertatik osatuz eta, aldi berean, herrian diren sentsibilitate ezberdinak uztartuz.

2. Politikoa: independentzia eta sozialismoaren bidean ezkertiar eta abertzaleon ildoak jorratzen. Gaur egun, Bide Eginez eztabaida prozesua aurrera eramanez.

Hala eta guztiz ere, herri plangintza horrek eraso arrotzak jasan behar izan eta izaten ditu: kultur elkartearen bahiketa Espainiako Auzitegi Nazionalaren bitartez, egoitzarekiko erasoak…, nahiz eta horrek guztiorrek ezin izango duen gelditu belaunaldi berrien bitartez gure herria defendatzeko gogoa eta indarra.

Branka Eguneko egitaraua:

11:00etatik aurrera:
- Txupinazoa, Branka herriko tabernaren (Ezekiel Agirre 28) aurrean.
- Txistulariak eta trikitilariak herrian zehar.
- Nekazal Azoka, Ibaiondo kalean.
- Umeentzako jolasak (puzgarriak, hankapaluak eta jolasak) Areetako Xake enparantzan.
- Argazki erakusketa (Branka 25 urtez), Jose Langile Deuna elizaren ondoan.

12:00etan, erakustaldiak (euskal dantzak, malabareak, kick-boxing...), Branka herriko tabernaren aurrean.

15:00etan, herri bazkaria (hasierako platerak, indabak, muturrak saltsan eta pantxineta), Branka aurrean.

16:30ean, mus txapelketa Brankan.

18:30ean, albokariak, bertsolariak, jolas mugikorrak eta poteoa, herrian zehar.

20:30ean, ekitaldi politikoa Brankan.

21:30ean, kontzertua Kloratita taldearekin, Brankan.

23:00etatik aurrera: Elektrotuna eta ustekabeak herrian zehar.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun