Tren enpresak eskaintzen dituen zerbitzuak Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) bultzatutako txartelera gehitzeko erabakia Feveren "merkataritza politika berrian" oinarritzen da, BGPren arabera. Politika hori "eskaintza uneoro bidaiaren eskaerara egokitzean" datza, garraio publikorako gehikuntza iraunkorrak sustatzeko. Horrela, azken hilabeteotan bi erakundeek hainbat batzar egin dituzte jarduerak koordinatu eta Enkarterrietako biztanleek hainbat garraiobidetan ibiltzeko garraio txartel bakarra erabiltzearen abantailak izan dezaten. Batzar horiek, azkenean, behin betiko sartu dute bide estuko sarea probintziako garraioaren intermodalitatean.
Gaur egun Creditans txartela honako sareetan erabili daiteke: Metro Bilbao, Bizkaibus, Bilbobus, EuskoTren (Bilbo-Lezama linea), EuskoTran, Artxandako Funikularra, Salbeko igogailuak, Bizkaiko Zubia, Autobuses de Lujua, Etxebarri Bus, Sopelbus, Ereagako igogailua, eta Leioa eta Etxebarriko aparkalekuetan. Feve gehitzen denean, eskualdeko garraio publiko ia guztiak sisteman sartuta egongo dira.
Bezero gehiago
Bilbo–Balmaseda aldiriko trena Fevek dituen hamaika aldirikoetan hirugarren garrantzitsuena da bidaiari kopuruari dagokionez. Enkarterriak Bilborekin lotzen dituen lineak oso zifra baikorrak izan ditu 2005eko urtarrilaren 1etik urriaren 31era; izan ere, 1.621.724 bidaiari ibili ziren Feveko trenetan, 2004an sasoi berean ibili zirenak baino 62.384 gehiago. Urteko lehen hamar hilabeteetan zenbatutako bidaiariek ehuneko 4ko hazkundea eragin dute. Emaitzek aldirikoak azken urteotan izan duen garapen baikorra erakusten dute, eta enpresa finkatzen bere eragin eremuan.
Bestalde, Creditrans txartelak, bere ibilbide laburrean, apurka-apurka merkatu zatia bereganatu du. 2001ean, erabili zen lehen urte osoan, 50 milioi bidaia egin ziren. Hurrengo urtean %44,4 gehiago erabili zen, batez ere, metroaren 2. linea martxan jarri zelako. 2004. urtean, Creditransek izandako bidaia kopururik altuena lortu zuen, 84,2 milioi, hain zuzen ere. Aurten kopuru hori gainditzea espero du Bizkaiko Garraio Partzuergoak, lehenengo seihilekoan %4,2ko igoera kontabilizatu baita.
Creditrans txartelarekin %25 eta %52 artean aurrezten da –txartel arruntarekin, garestiena, alderatuta-, ibilbidearen eta garraio motaren arabera. Garraiobide ezberdinak konbinatuz erabil daiteke eta leku aldaketaren guztirako kostuaren %20ko beherapena egiten du leku gehienetan. Bidaia konbinatuen (linea aldaketak) portzentaje osoa bidaia guztien %6,3 da gaur egun.
Aldirikoaren eremu banaketa
2002ko urtarrilaren 1ean, Fevek tarifak ezartzeko sistema berria jarri zuen Bizkaiko sarean, aldirikoen eremu banaketan oinarrituz. Ordura arte prezioak jartzeko erabilitako kilometro blokeen sistema arruntagoko eta malguagoko batek ordeztu zuen. Garraio titulu jakin batzuen baldintzak ere aldatu ziren, guztia trenbide operadore ezberdinak homologatze aldera.
Gaur egun, Bilbo-Balmaseda aldirikoa eremukako moldean oinarritzen da, hau da, bide zatiak azpi zatietan banatzen ditu eta koloreen arabera bereizten. Eremu deitzen zaie. Eremu bakoitzaren hasiera eta amaiera mugako geltokiak zehazten du, edota bi geltokiren arteko erdiko puntuak, eta tarifa sistema berriaren menpe gelditzen dira jatorria eta helmuga aldirikoaren nukleo barruan edo eremukako ibilbide barruan dituzten garraio titulu guztiak.
Fevek bost eremu ditu guztira Bizkaian: Bilbo-Balmaseda linea lau eremutan dago banatua, eta bosgarren bat, ibilbidea Karrantzaraino eramaten duena. Hortaz, sistema horrek ez zituen aldirikoaren lineak aldatu, baina ordutik aurrera, aldirikoen txartelen abantailez gozatzeko aukera ematen die Aranguren-Karrantza eskualdeko bide zatiko bezeroei.
Sarbideetan kontrol gehiago
Sarea Creditansen sartzeko beste urratsa Bilbo-Balmaseda aldirikoaren geltokietarako sarbideetan kontrol elementuak jartzen amaitzea izan zen, 2004ko azaroan. Fevek Bizkaian 3.650.000 euro baino gehiago inbertitu zituen geltokietarako sarbide kontrolak abian jartzeko eta garraio tituluen autosalmenta makina berriak erosteko. Sarbide kontrolak instalatzeak homologatu egin zuen bide estuko linea probintzian zerbitzua ematen duen trenbide operadoreen multzoarekin batera. Gainera, sareko instalazioak hobetu zituen.
Obra horien bidez, besteak beste, txartel makinak jarri dira geltoki hauetan: Bilbon, Ametzolan, Basurtun, Zorrotzan, Irauregin, Sodupen, Zallan eta Balmasedan. Makinei esker "lana erraztu zaie leihatiletako langileei bidaiari gehien ibiltzen diren orduetan eta ordu gorietako pilaketak" ekidin dira. Geltoki horietan flap erako ateak dituzten barrerak jarri dira eta bezeroak txartela balioztatu beharko du trenean sartzeko nahiz geltokitik irteteko. Sistemak "iruzur egiteko aukerak murrizten ditu" eta, gainera, bidaiariak hobeto zenbatzeko balioko du, gero datu estatistikoak ateratzeko.
Alor horretan trafikoa kontrolatzeko aretoak eta instalazioak ere ipiniko dira Bilboko geltokian. Lan horiek Concordian sarbide kontrola instalatzekoei gehituko zaizkie. Horrela, pentsatutako obrak lokalak egokitzeko izango dira, geltokien kontrol zentroa izateko, lineako geltoki nagusira iristeko bidaiarien kontrol sistema berria jarri dela-eta. Jarduera horretan sartzen dira estaldura lanak, instalazio elektriko berriak, lekua banatzeko tabikeak jartzea, lokala klimatizatzea eta suteen aurkako alarmak ipintzea. Ekipamenduan sartzen da interfonia eta kamerak instalatzea, baita lan osagarriak ere (elektrikoak, lekuak eraikinetan banatzea, seinaleztatzea, altzariak, eta abar).
Bizkaiko bide estuko sarea gainontzeko trenbide operadoreetara egokitzeko 3,65 milioiko lehen diru partida horri, bigarren fasea gehitu behar izan zaio, 250.000 euroko inbertsioa behar izan duena, hain zuzen. Kantitate hori Feveren kontura egin da eta helburua beharrezko dispositibo eta makinaria instalatzea zen, Creditansa erregistratu eta ezeztatu ahal izateko trenbide enpresako eremutan banatutako geltoki eta geralekuetan.