"Tradizio industrial nabarmena daukan eta horrek eragindako garapen ekonomikoak ingurumenean, hirigintzan... izandako ondorioak bizi izan dituen udalerri batek nazioartean bere lekua egitea erronka handia izan da" Alfonso Martinez Cearra Bilbao Metropoli-30 elkarteko zuzendari nagusiaren ustez. Horren harira, 15 bat urtetik hona, Erandio zein Bilbo Metropolitarreko gainontzeko inguruak "bere onera ekartzeko" egiten ari den "ahaleginak" gogora ekarri ditu. "Agintariek, herritarrek... guztiek egindako esfortzuaren fruitua da Erandiok lortutako saria", aitortu du Martinez Cearrak. Berak zein Arieta-araunabeñak Euskal Autonomi Erkidegoko gainontzeko udalerriak Bizitzeko Komunitate Egokien Nazioarteko Lehiaketan parte hartzera premiatu dituzte, "gauzak ondo egiten ari garela esan diezagutela beharrezkoa delako".
Bilbao Metropoli-30
Finalista geratutako komunitate guztiek, hiru egunez, aurkezpenak egin ostean, Bizitzeko Komunitate Egokien Nazioarteko Lehiaketan epaimahaiak, hilaren 7an, astelehen arratsaldean eman zuen jakitera zeintzuk izan diren 2005eko edizioko bost irabazleak. A Coruñan jokatutako finalean, Mikel Arieta-araunabeña Erandioko alkateak egin zuen herriaren aurkezpena, Alfonso Martinez Cearra Bilbao Metropoli-30 elkarteko zuzendari nagusiaren laguntzarekin. Izan ere, Erandioko Udala elkarteko bazkide osoa da, eta Bilbao Metropoli-30 elkarteak berak parte hartu du Erandiok hautagaitza izan dezan Lehiaketa honetan. Bere izan da idazkaritza teknikoaren arduradun Uribe Kostako udalerriak abian jarri dituen proiektu parte-hartzailerik handienetako batzuetan, esate baterako, Hausnarketa Estrategikoan (2002) edo Etorkizuneko Eszenatokien Azterketan (2004). Horiek ere baloratu dira lehiaketaren finalean.
Nolanahi ere, ekimena nazioarteko sustapenerako ekintzen barruan dago, eta ekintza horiek, bere jardueren definizioarekin bat etorriz, Bilbao Metropoli-30 elkartearen "bokazioaren parte" dira, erakundeko arduradunen hitzetan.
Elkartrukea
Erandioren lana baloratzeko erabili diren irizpideak hauek izan dira: paisaia hobetzea, ondarea, praktika ekologikoak, komunitatearen iraunkortasuna eta etorkizunaren planifikazioa. Baina jasotako sariaz gain, "dituzten beharrizanei eta eskariak asetzeko neurriei buruz", beste komunitate batzuekin "informazioa eta ezagutzak trukatu" ahal izateko egondako aukera azpimarratu du Arieta-araunabenak. "Ekimen honek mundu osoko komunitate ugariren lana ezagutzeko aukera eman du, ingurumenaren, iraunkortasunaren eta naturaren defentsaren inguruan egin dituzten proiektu eta esperientzietan oinarrituta", udal agintariak azaldu duenez.
"Baina, dudarik gabe, ingurumen, paisaia, ondare, komunitatearen parte-hartze eta planifikazio estrategikoari emandako sariaz gain, Erandiok nazioartean duen soslaia handitu du oraingoan, eta azken hamar urteotan egindako lana ildo beretik handitzeko bermea ezarri du, komunitate sendo, ekologikoki iraunkor eta bizilagun zein bisitarientzat kalitate handikoa izango dena lortzeko", amaitu du alkateak.
Gainontzeko sarituak
Bizitzeko Komunitate Egokien Nazioarteko Sariek bost populazio maila dituzte: 20.000 biztanletik beherakoak; 75.000 biztanle artekoak; 200.000 biztanle artekoak; 750.000 biztanle artekoak eta 750.000 biztanletik gorakoak. Erandio lehiaketaren B atalean izan da irabazlea, 20.000 eta 75.000 biztanle arteko komunitateen sailean. Erandiorekin batera, lehian zeuden Kladno (Txekiar Errepublika), Lidkoping (Suedia) eta Ptuj (Eslovenia). Beste sailetako irabazleak, hurrenez hurren, izan dira: Dungannon (Irlanda), Songjang (Txina), Coventry (Erresuma Batua) eta Tshwane (Hegoafrika).