Ertzaintzaren ikerketa joan den irailean abiatu zen, Itzubaltzeta / Erromon substantzia estupefazienteak saltzen zituen droga-trafikatzaile baten berri izan zutenean, polizia iturriek azaldu dutenez. Droga-saltzaileak haxixarekin eta kokainarekin trafikatzen omen zuen normalean eta dosi txikiak eramaten zituen aldean. Hurbil aparkatuta uzten zuen autoan gordetzen zituen beste dosiak, falta zitzaionean hortik hartzeko, eta, saltzen harrapatzen bazuten, atxilotua ez izateko.
Epailearen esku
Atzo eguerdian, berriz, zaintza egiten ari ziren Getxo udalerriko ertzain-etxeko agenteek, ustezko trafikatzailea identifikatu zuten, Itzubaltzeta / Erromoko Santa Eugenia kaleko aparkaleku batean. Ertzainen arabera, gizonezkoak lau kokaina-dosi zeramatzan aldean eta, geroago, beste hogeita lau aurkitu zituzten gidatzen zihoan autoan. Saltzeko prest zegoen haxixa ere aurkitu zioten. Geroago, "epailearen beharrezko aginduarekin", bere etxea miatu zuten, Erandion. Han kilo bat haxix baino gehiago, beste berrogeita hamar gramo kokaina, doitasun-balantza bat, ia bi mila euro dirutan eta droga banatzeko materiala atzeman zituzten. Atxilotua, A.A. 37 urtekoa, epailearen esku utzi zuten, beharrezko izapideak egin ostean, osasun publikoaren aurkako delitu bat egitea egotzita.