Ustez Segik ostiral honetarako Algortan deitutako manifestazioa "debekatuko duen ala ez" azaltzeko eskatu dio Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak (argazkian). Ordezkari popularrak adierazi duenez, "legez kanpo utzitako gazte erakundeak sinatutako kartelak agertu dira Getxo udalerriko hainbat kaleetan", "Contra la estrategia de guerra del PSOE" (sic) lelopean mobilizatzera deituz. Hala ere, UKBERRIk egiaztatu ahal izan duenez, inolako kartelik ez da ageri horrelakoak jarri ohi diren horma zein tabernetan. Galdetutako gazte mugimenduko zein ezker abertzaleko iturriek ere popularrak "okertuta" daudela aipatu diote komunikabide honi. "Segik deitutako manifestaziorik ez dago bihar Algortan. Kartel zahar bat ikusi eta erratu egingo ziren agian", azaldu dute.