EAEko unibertsitateetan aurrekoan baino %2,9 ikasle gutxiago matrikulatu zen iazko ikasturtean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 11a, 14:06

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitateetan 72.394 ikasle matrikulatu ziren 2004-2005 ikasturtean, hau da, aurreko ikasturtean baino %2,9 gutxiago. Horietatik 12.309 ikasle lehenengo aldiz joan ziren unibertsitatera, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) datuen arabera. Azken bosturtekoan unibertsitateko ikasleak %12,4 murriztu dira EAEn, baina apur bat gehitu da unibertsitatera sartu diren 18 eta 25 urte arteko gazteen portzentajea eta %35 ingurura iritsi da epe horretan. Bestalde, unibertsitatean emakumezkoak gehiago izan ziren gizonezkoak baino, %54 hain zuzen ere, Europako Batasuneko (EB) joerarekin bat eginez. Argazkian, EHUko Leioako campusa.

Bestalde, ikasleen %78 sektore publikoan matrikulatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) nabarmenduz. Sektore pribatuan, Deustuko Unibertsitateak jaso zituen sarrera gehien. Lurralde-banaketari dagokionez, matrikulatutako guztien %56 Bizkaian ikasten aritu zen, %30 Gipuzkoan eta, azkenik, %14 Araban.

Ikasketa-motari helduta, lizentziaturetan 31.705 ikasle matrikulatu ziren, ikasle guztien %45; diplomaturetan %22 matrikulatu ziren, Arkitektura eta Ingeniaritza Teknikoetan %18 eta Arkitektura eta Ingeniaritzetan %15. Emakumeen presentzia nabarmena izan zen lizentziaturetan (%65) eta diplomaturetan (%71), eta gizonezkoena, berriz, Arkitektura eta Ingeniaritza ikasketetan (%67) eta Arkitektura eta Ingeniaritza teknikoetan (%74).

Bestalde, 18 eta 25 urte arteko gazteen portzentajea aztertuta, azken bost urteetan lizentziaturetan atzerakada (%3,6) ikusi da, baina gainerako ikasketetan gehitu (%37) egin dira, batez ere Arkitektura eta Ingeniaritza Teknikoetan.

Titulazioak

Gehien eskatu ziren titulazioak ondokoak izan ziren: Industri Ingeniaritza Teknikoa (7.077), Enpresa-zuzendaritza (5.861), Irakasle Eskola (5.655), Enpresa-zientzien diplomatura (4.110) eta Zuzenbidea (3.658).

Hala ere, hurrenkera aldatu egiten da emakumezkoek aukeratutakoak bakarrik kontuan hartuz gero: Irakasle Eskola (4.308), Enpresa-zuzendaritza (3.438), Psikologia (2.220), Enpresa-zientzien diplomatura (2.182) eta Zuzenbidea (2.151).

EAEko hamar ikasletik bostek Gizarte-zientzien eta Zientzia Juridikoen alorreko karrerak aukeratu zituzten eta 33.418 izan ziren matrikula egin zutenak. Zientzia Teknikoetan hamar matrikulatuko zazpi gizonezkoak izan ziren arren, gainerako adarretan alderantzizkoa gertatu zen eta emakumezkoak izan ziren nagusi.

Iazko ikasturtean 12.611 ikaslek lortu zuten unibertsitate-titulua. Horietatik %93k, 1. eta 2. zikloko ikasketak burutu zituzten, eta gainerakoek, hots, 907 ikaslek graduondokoak. Titulartasunari erreferentzia eginez, titulua lortu zutenen %80k Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuten, eta 234 ikaslek doktorego-tesia gainditu zuten EHUn.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun