Babajan handia egingo du larunbatean Algortako gazteriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 11a, 19:46
Larunbatean Algortan egingo den VI. Indabadan parte hartuko dutenen plateretan jasoko da 1999an Sastraka kolektiboak ereindakoaren uzta. Urte hartan, Getxoko Udal Gobernuak Sastraka gaztetxea desalojatu ostean, kale gorrian zegoen Algortako gazteriak kale topagunea asmatu zuen negu gorrirako. Bilbotarrak bailiran "Indaba Mundiala" izendatu zuten asmakizun zahar-berria. Ordutik hona, San Martin garaian edo, urri bukaeran ospatu izan da Algortako Indabada. Aurten, betiko legez, Txiki ta Otaegi plazan egingo da. Batzuk goizean goizetik prestaketetan arituko badira ere, ehundaka gazte 13:00etan agertuko dira, aurreskuaz, musikaz, trikitixen doinuaz zein txikiteoaz gozatzeko. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, babajana noski, eta horren geroztik zozketa izango da. Sortea izan ala ez, gero jolasetan parte hartu ahal izango da Elektrotunaren tabernaz tabernako txangoa hasi arte, 20:00ak aldera. Eguna bukatzeko edo gaua hasteko Hezetasun auzoko jaietara jaisteko aukera beti dago hor.
Txartela oraindik hartu ez duenarentzat aukera honako tabernetan badago: Traganarru, Amnistia, Lainoa eta La Plaza. Txartela bost eurotan saltzen da, zozketarako zenbakia barne duela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun