Getxoko Udazkeneko Kontzertuak bihar bukatuko dira "Euskal kantu liriko berriak" egitasmoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 11a, 21:00

Sinfonietta Ricercare orkestra izango da protagonista larunbat honetan Getxoko XX. Udazkeneko Kontzertuak zikloan, Alain Sanchoren zuzendaritzapean eta "Euskal kantu liriko berriak" izenburupean. Irantzu Bartolome eta Marta Velasco sopranoak izango dira, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Algortako Getxo Antzokian, euskal musikarien balio artistiko handiko konposizioak eskaintzeko asmoz, sarreraren prezioa hiru eurokoa dela.

Sinfonietta Ricercare 1998an sortu zen, ganbera musika sustatu nahi zuten musikari gazte batzuen ekimenez. Bere errepertorioa musika estilo ugarikoa du. Sortu zenetik kontzertu ugari eman ditu, hala nola Bilboko Arriaga antzokian, Gasteizko Principal aretoan, Bilboko Euskalduna Jauregian, Miranda de Ebroko kultur aretoan, Basauriko Social antzokian, Deustuko Unibertsitateko paraninfoan, Santiago Katedralean eta Algortako Erredentore, Durangoko Andra Mari eta Deustuko San Pedro elizetan. Bilboko Euskalduna Jauregian Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ganbera musika denboraldian parte hartu zuen, eta BOSren 80. urteurrena ospatzeko ekitaldian gonbidaturiko orkestra bakarra izan zen.

Sinfonietta Ricercare orkestrak parte hartu duen musika emanaldi zein kontzertu zikloak ugariak izan dira. Haien artean, Gasteizko JMSAPan, Arriaga antzokiko "El Cuartito del Arriaga" ganbera musikako zikloan, Bilboko Eliz Musikako I. Zikloan, Bidebarrieta Kulturgunean, Basauriko Abesbatzen Nazioarteko Emanaldian edota Deustuko Unibertsitateak antolatzen duen "Jóvenes Valores" saioan eskainitako kontzertuak aipa daitezke.

Euskaraz sortu eta ezagutaraztea

Halaber, orkestrako kideak beraiek Bilboko Orkestra Sinfonikoan (BOS) irakasle aritu dira bakarlari moduan. 2003. urtetik, Orkestra "Euskal kantu liriko berriak" proiektuaren partaide bat da. Proiektu honen helburua, kantu liriko berriak, euskaraz sortu eta ezagutaraztea da.

2005eko urtarrilatik orkestraren zuzendaria Alain Sancho da. Bilbotar gazte honek Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan saxofoiko goi ikasketak egin zituen. Gaur egunean Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioan zuzendaritza ikasketak egiten ditu, Enrique García Asensio maisuarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun