Maidaganeko igarobidea lurperatzeko "aurrekontu-partidarik ez" dutela finkatu salatu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 12a, 21:21

Getxoko PPk iragarri duenez, Maidaganeko trenbide-pasagunea kentzeko "partida non dagoen" galdetuko du astelehenean, Bizkaiko Foru Aldundiko Aurrekontu Batzordean, Jesus Isasi Batzar Nagusietan aipatu alderdiko ahaldunak. Besteak beste, "EAJk Eusko Jaurlaritzan zein foru erakundean, urte hasieran eta hauteskunde autonomikoetarako bost hilabete falta zirela, horrenbeste zalapartaz iragarritako egitasmoa gauzatzeko dirua non dagoen eta zenbat den; proiektua noiz abiatu eta nola finantziatuko duten; eta noiz bukatuko den" itaunduko du Isasik, atzo Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak azaldu zuenez. PPk salatutakoaren arabera, igarobidea lurperatzeko "aurrekontu-partidarik ez da agertzen" Jaurlaritzan hirukoak (EAJ, EA eta EB-Berdeak) sinatutako hitzarmenean, ezta Bizkaiko Garraio Partzuergo eta Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren gaineko informazioan ere. Hain zuzen ere, Maidaganen bertan egin zituen adierazpenak Arruek (argazkian), metroa abian jarri zeneko hamargarren urteurrenean, "gune beltz" horrek daukan "arriskua" agerian utziz.

Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, "egiaztatu" ahal izan dutenez, Eusko Jaurlaritza zuzentzen duen hirukoaren hitzarmen berrian "ez da inon ageri" Maidaganeko igarobidea kentzeko proposamenik, "bigarren eta hirugarren lineen eta beste hainbat pasaguneen gaineko egitasmoak egon badauden arren". Bestalde, Bizkaiko Garraio Partzuergotik (horretan eskuduntza duena) heldutako informazioan zein Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialaren gainekoan, "dauden egitasmo gehienen aurrekontu-partidak agertzen dira". "Baina, bitxia bada ere, Maidaganeko proiektuan pentsatzeko asko eman digun esaldia agertzen da: '2006tik 2008ra periodifikatua'. Zer esan nahi du horrek? 'Egiteke dagoen proiektua' edo 'egingo da' ez du jartzen", kritikatu du zinegotzi popularrak. Gaineratu duenez, "horrek larritu egiten gaitu eta zalantza handiak sortzen dizkigu". Horren harira, Getxoko Udalan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan igarobidea lurperatzeko "gehiengoak onartutako ekimenak" badaudela gogoratu du Arruek.

Arriskua

"Beste leku batzuetan metroa abian jarri zeneko hamargarren urteurrena ospatzen ari dira eta, egia da azpiegitura hau emaitza oso onak ematen ari dela, beharrezkoak gainera. Baina oraindik gune beltz hau mantendu egiten dela tamaldu behar dugu", adierazi zuen Maidaganen bertan Marisa Arruek. Izan ere, "onartezin eta hirugarren mundukotzat" jotzen du Getxoko PPko bozelamaileak, herrian "horren igarobide arriskutsua" egotea. Zinegotziak azaldu zuenez, "bi minutu baino gutxiagotan behin zabaltzen eta ixten dira barrerak, horri berton ikastolak, eskolak, hirugarren adinerako egoitzak egoteak dakarren arriskua gehituz". Izan ere, ibilgailu eta oinezkoen joan-etorria ugaria Getxoko tarte horretan. "Denbora aurrera doa eta igarobidea bertan jarraitzen du. Noizbait ezbeharren bat gertatuko ote den beldur gaude", aitortu du Arruek.

Gaiaren inguruko berriak:

Maidagan eta Urdulizko igarobideak lurperatuko dituzte (2005 Ots 23)

Maidagan eta Urdulizko igarobideen lurperatzea otsailaren 23an erabakiko da (2005 Urt 20)

Leioa-EHU tranbiaren proiektua ikusgai egongo da bihartik aurrera Leioako udaletxean (2005 Urt 19)

Maidaganeko pasagunea "ahalik eta azkarren" lurperatzea eskatu dute auzokideek (2005 Urt 14)

Maidaganen lanak egitekotan "auzotarren ahaleginari esker" izango da Getxoko PSE-EEren ustez (2005 Urt 14)

Hiritarrei iruzur egitea leporatu dio PPk Jose Luis Bilbaori (2005 Urt 14)

Ez dago akordiorik Maidagan eta Urdulizko trenbide-pasaguneak lurperatzeko (2005 Urt 14)

Zarraoak metroko lurperatze lanak Getxoko udalerri osora zabaltzea eskatu du (2005 Urt 12)

Maidagan eta Urdulizko trenbide-pasaguneak 2007an lurperatuko dituzte (2005 Urt 12)

Aldundiak Maidagan eta Urdulizen trenbidea lurperatuko duela iragarri du (2005 Urt 11)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun