Ekitaldia "11n 10 izango dira" lelopean ospatu zen eta hamar suziriren jaurtiketarekin hasi; suziri bat metroaren urte bakoitzeko, alegia. Bertan bildutako jendeari 'Bilboko ura' eskaini zitzaien eta erakundeetako ordezkarien artetik Bilboko alkatea izan zen hitza hartzen lehena. "Orain dela hamar urte askok esaten zuten: 'metroa zertarako? Bilbon punta batetik bestera 20 minututan joan ahal bada', baina orain ohitu egin gara askorentzat bizi kalitatea hobetu duen metro honetara", esan zuen Azkunak. Bilboko alkateak iragana zein orainari begiratu zion, eta geroaren inguruan "gogor lanean jarraituko" dutela adierazi zuen, "kalitatezko metro zerbitzu bat eskaintzeko eta komunikazioak hobetzeko" asmoz. Horretarako, finantziazio faltarik izango ez delakoan dagoela azaldu zuen.
Azkunaren ostean, Maria Aranzazu Tapia Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuorde mintzatu zen. Bere esanetan, metroa "garraio iraunkorraren adibide garbia" da, eta jaio zeneko unean "erakundeek biztanleriari garraio-lotura modernoagoak emateko apustua" egin zutela gaineratu zuen.
Era berean, Tapiak esan zuenez, "metroa hiriburu bizkaitarreko zein geltokiren bat duen herrietako gizarte eta ekonomia susperketaren gakoa izan da". Orain arte eginiko lanak ez dituela lasaiaraziko uste du Tapiak, "urteurren hau ospatzeak ez baitu esan nahi dugunarekin konformatzen garenik, baizik eta gure erabiltzaileentzat segurtasun eta kalitatearen esparruan lan egin behar dugula". Modu horretan, Bilboko Metroaren 2. linearen zabaltze lanetan eta 3. linearen hasierako lanetan Eusko Jaurlaritzak 2006an 47 milioi euro inguru inbertituko dituela jakinarazi zuen Garraio sailburuordeak.
"Munduko metrorik modernoena"
Bestalde, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu nagusiak adierazin zuenez, Bilbo ingurukoa "munduko metrorik modernoena" da. "Batzuentzat agian zertxobait garestia. Baliteke, baina kontutan hartu behar da metroaren tarifek ez dutela urtero sortzen den zazpi milioiko defizita estaltzen", azpimarratu zuen Bilbaok. Foru arduradunak bere aurretik karguan egon direnez oroitu zen hamargarren urteurrenean. Halaber, metroko lanek bere egunean sortu ahal izan zituzten "deserostasun eta eragozpenengatik" barkamena eskatu zuen eta "proiektuak bere hasierako egunetan sortu ahal izan zituen eztabaida eta arazoak gainditu" izanaz poztu zen, "herri honetan guztiari buruz eztabaidatzeko ohitura osasuntzua baitago". "Zorionez setakeri guztiak gainditu dira", gaineratu zuen.
Gaiaren inguruko berriak:
Maidaganeko igarobidea lurperatzeko "aurrekontu-partidarik ez" dutela finkatu salatu du Getxoko PPk
Bi astez luzatuko da metroaren hasiera ordua aurreratzea eskatzeko sinadura-bilketa