Jose Antonio Cotrinak (Gasteiz, 1972) idatzitako istorioa etorkizunean girotuta dago. Sare informatikoak izugarri konplexu egin dira, nanoteknologiari eta errealitate birtualari esker. Gizakiak osorik konekta daitezke sare horietan, bakoitzak gorputzean daraman nanoteknologiaren bidez eta bestelako periferikorik gabe. Horixe du abiapuntu genero beltzaren kutsua daukan ipuin honek. Protagonista, Pragako kalezuloko pirata gaztea, bere anaiari zer gertatu zaion argitzen ahaleginduko da, egoera misteriotsuan hil baita. Arrastoaren atzetik, mundu osoa hartzen duen konspirazioa aurkituko du protagonistak, eta aldi berean inplikatuta dauden guztien jomuga bihurtuko da.
Jose Antonio Cotrina "genero honetako idazlerik emankorrenetako bat da estatuan", unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziatu zen EHUn, eta 90eko hamarkadaren amaiera aldean hasi zen bere lanak argitaratzen. Dena dela, 2000an sendotu zen maila handiko idazle bezala, zientzia-fikzio sari garrantzitsu bi eskuratu zituenean: Alberto Handia saria eta Kataluinako Unibertsitate Politeknikoko (UPC) saria. 2003an "Las fuentes perdidas" nobela argitaratu zuen.
Beste bi sari
Alberto Handia literatur lehiaketaren XVII. edizioan aurkeztu diren 39 ipuin lehiaketatik, bigarren saria (1500 euro) Juan Luis Lopez Arangurenek eskuratu du (Zizur Nagusia, 1982), "Las lágrimas de Caín" ipuinarekin. Etorkizun hurbilean kokatuta, Kainen kontrako epaiketan, aingeru batek antropologo bati abokatu lana egiteko nola eskatzen dion kontatzen du ipuinak. López Aranguren Kazetaritzan lizentziatua da, eta orain Ekialdeko Asiako Ikasketak egiten dabil.
Azkenik, EHUko kide batek aurkeztutako ipuin onenaren saria, 1500 eurokoa, Jose Manuel Gonzalez Rodriguezek irabazi du (Sopela, Bizkaia), "Las dudas de Job" ipuinarekin. Itsas armadako teniente bat eskolta lana egitera joan da ia mortu dagoen planeta batera, eta han bera baino indartsuagoa den automata bati egin beharko dio aurre. Etxean erabiltzeko robota du lagun bakar, baina matxuratuta dago. Konpontzen saiatzean, handiagotu egiten zaio adimena, eta, ondorioz, arazo psikologikoak sortzen zaizkio.