Zientzia eta Teknologia Fakultateak 442 titulatu eta 42 doktore berriak omendu ditu, Alberto Handiaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 15a, 21:42

Juan Ignacio Perez EHUko errektorea eta Jon Barrutia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea buru zirela, Alberto Handiaren eguna ospatu du gaurkoan Zientzia eta Teknologia Fakultateak. Leioako campuseko Areto Nagusian, goizean egindako ekitaldian, aipatu fakultatean ematen diren bederatzi titulazioetakoren bat 2004-05 ikasturtean amaitu duten 442 titulatu berriei jarri diete ikurra, mila gonbidatu ingururen aurrean. Horretaz gain, diploma eman diete 42 doktoreri. Bestalde, bertan eskolak ematen 25 urte egin dituzten zortzi irakasleri omenaldia egin diete: Jose Maria Badilla, Julia Cuevas, Juan Iturrondobeitia, Esther Lete, Martin Olazar, Miren Onaindia, Maria Jose Sodupe eta Manuel Valle-ri, hain zuzen ere. Baita erretiroa hartuko duten Paloma Hernández eta Concepcion Rodriguezi ere. Azkenik, orain gutxi zendutako Ramon Ayude fakultateko atezain nagusiari egin diote gorazarre. Argazkian, urtarrilean Euskalduna Jauregian egindako doktoreen izendapena.

EHUko Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean iaz 126 laguun lizentziatu ziren Biologian, 28 Biokimikan, 23 Ingurugiro Zientzietan, 16 Fisikan, 56 Geologian, 31 Matematikan, 121 Kimikan, 23 Ingeniaritza Elektronikoan eta 17 Ingeniaritza Kimikoan. Gainera, diploma eman diete 2004-05 ikasturtean tesia aurkeztu zuten 42 doktoreei. "Ezaguna da fakultate honetan urtero aurkezten den tesi kopuru handia, eta zerikusi zuzena dauka ikastegiak ikerketan daukan produkzio handiarekin", unibertsitateko iturriek adierazi dutenez.

Bideoa eta zientzia-fikzio sariak

Bestalde, “Gizarteaz arduratzen den fakultatea” izenburua duen Zientzia eta Teknologia Fakultatearen bideoa aurkeztu da. Azkenik, Alberto Handia Zientzia-Fikzio Literatura Lehiaketaren XVII. edizioko irabazleen izenak jakitera eman dituzte. Sariketa 1989an abiatu zen, eta "berori da estatuko lehiaketarik zaharrena genero horretan, eta sari onenetakoak ematen dituena", EHUtik jakinarazi dutenez. Lehen saria, 3500 eurokoa, Jose Antonio Cotrinak (Gastéiz 1972) irabazi du “Argos” ipuinarekin. Bigarren saria, 1500 eurokoa, Jose Luis Lopezek (Zizur Mayor,1982) , “Las lágrimas de Cain” ipuinagatik. Eta EHUko kide batek aurkeztutako ipuin onenaren saria, 1500 eurokoa, Jose Manuel Gonzalez Rodriguezek (Sopela) eskuratu du, “Las dudas de Job” ipuinarekin.

Gaiaren inguruko berriak:

Jose Antonio Cotrina idazle gasteiztarrak irabazi du Alberto Handia zientzia-fikzio saria
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun