Duela bost urte sinatu zuten hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta biztanle gehien duten EAEko zortzi udalerriek eta, harrezkero, urtero eguneratu izan dute. Aurten adostutakoaren harira, Trafiko Zuzendaritzak 36.000na euroko diru-laguntza emango die tokiko erakundeei, 2005-2006 ikasturtean bide-heziketa programak gauzatu ditzaten. Diru-laguntza horiek ez ezik, Trafiko Zuzendaritzak berak prestatutako ikasmateriala ere emango diete. Halaber, aholkuak emango dizkiete udal arduradunei adituek, tokian-tokiko heziketa programak garatu eta horiek abian jar ditzaten. "EAEko ikastetxeetan bide-heziketa sustatzea dute helburu" egitasmoek Herrizaingo Saileko iturriek adierazi dutenez, eta Hezkuntza Sailaren laguntza ere izango dute zeregin horretan.
Laguntza ekonomiko eta teknikoa
Zortzi udal horietan sinatutako programa osatzeko, gainerako EAEko tokiko erakundeei zuzenduko dieten beste egitasmo orokor bat ere jarriko dute martxan, laguntza ekonomikoak eta baliabide teknikoak eskainiz. Horrela, udal horiek ere Ertzaintzaren Bide-hezkuntzako Talde Mugikorraren laguntza izango dute, euren herrietan bide-heziketa programak gauzatzeko. Horretaz gain, talde horretako teknikariek ikastaroak emango dituzte baliabiderik ez duten ikastetxeetan, eta udal arduradunekin elkarlanean arituko dira.