Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, Orkatz Gallastegiren (argazkian) aurkako epaiketa. Urriaren 19an zen hastekoa, baina atzeratu egin zuten Berangoko gaztearen abokatua ezin zelako egun horretan joan. Jose Maria Lidon Bizkaiko Lurralde Auzitegiko magistratuaren hilketa egiteko ETAri datuak helaraztea leporatzen diote Gallastegiri. Jesus Santos Auzitegi Nazionaleko fiskalburuordeak 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du, "hilketa terrorista egiteko laguntza emateagatik". Dena dela, erakunde armatuari laguntza eman ziola ukatu egin du akusatuak, baita atxilotuta zegoela egindako aitortzak torturapean egin zituela nabarmendu ere. 30 urteko kartzela-zigorraz gain, 20 urtetan kargu publikorik betetzeko gaitasunik gabe uztea eta Lidonen oinordekoei milioi bat euroko kalte ordaina ematea eskatu du Fiskaltzak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!