EHEk Ezabaketa Egunak egingo ditu hilaren 19tik 26ra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 17a, 22:39

Euskal Herrian Euskarazek urtero egiten duen legez Ezabaketa Egunak egingo ditu aurten ere. “Euskarari lehentasuna eman. Guztion esku dago!" lelopean. Egun hauen helburua hizkuntza zapalkuntza salatzea izanik, ildo horretan, zapalkuntzaren espresio ezberdinen aurrean erantzunerako ekimen andana egingo da herriz-herri eta auzoz-auzo, hilaren 19tik 26ra bitartean, molde ezberdinak erabiliz. Adi egon eskualdeko mobilizazioetara! Argazkia: Besteak beste, Itzubaltzeta / Erromon erdera hutsean zegoen Errekagane kaleko plaka eraman zuten igazko Ezabaketa Egunean.

Egunerokotasunean, euskaldun guztiok jasan behar izaten ditugu hizkuntza eskubideen urraketak. Pertsona bakoitzak, adibide ezberdinak jarri ditzake, egoera hau modu grafikoan azaldu nahi izatekotan. Erantzunak ere, egunero ematen ditugu; eta eman behar ditugu, gainera. Bizi behar izaten dugun murrizketa bakoitzaren aurrean, horretarako dauzkagun tresnak erabiliz. Baina egun hauek, ildo horretan indar berezia egiteko baliatu behar ditugu. Salaketarako indar metaketa eginez, normalizazio bidean urratsak azkartuz.

Esan bezala, hamaika adibide aipa genitzake hizkuntza zapalkuntzaren adierazle gisa. Euskal Herriko edozein karriketatik edo errepidetik bidaia azkar bat egitearekin soilik, berehala dakusagu paisaia linguistikoan zein hizkuntza den nagusi. Euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da kasurik gehienetan eta presentziarik aitortzen zaionean, bigarren mailakoa izaten da gehienetan. Egoera hau, ez da soilik Iruñean edo Baionan ematen dena, lurralde osoan hedaturikoa, baizik.

Adibide ugari

Euskarari bigarren mailako presentzia ez zaio soilik kale izendegian ematen. Nahi izanez gero, arloz arlo adibide ugari aipa genitzake, honen adierazle. Ildo honetan, irakaskuntzaren arloa aipatzea ezinbestekoa dugu; arlo honek duen garrantzia estrategiakoagatik eta eragin mailagatik. Gaur egun euskaraz ikasteko dagoen arazoa handia da. Orokorrean Euskal Herri osoan leku ezberdin askotan aurki genitzake hau berresten duten adibideak; baina zenbait lekuetako gordintasunak aipamen zehatza merezi du. Kasu larriak ezagutu ditugu ikasturte honetan bertan. Nafarroan adibidez, Patxi Larraintzar eta Ezkaba ikastetxeetako kasuak argigarriak ditugu hori ulertzeko. Edota Seaskan Estatuak egindako murrizketak. Era orokorragoan, ezin aipatu gabe utzi, oraindik ere Euskal Herrian dauden hezkuntza ereduetatik bakarrak ere ez duela euskalduntzen eta erdaldunen poltsa urtez- urte handitzen doala; izan ere, lehen hezkuntza amaituta, oraindik ere ikasleen %64 ez da eskola bidez euskalduntzen. Honek, herritar askok euskaltegietara jo behar izatea dakar berarekin eta esfortzu pertsonal eta ekonomiko handia eginez administrazioak bermatzen ez duena euren kabuz kudeatu behar izatea. Osasun administrazioarekin, gehiago edo gutxiago guztiok izaten ditugu harremanak eta hauetatik zenbat izaten ditugu euskaraz? edota udaletxean zenbat aldiz artatzen gaituzte gure hizkuntzaz, edo zenbat agiri jasotzen ditugu euskaraz?

Hauek adibide zehatzak ditugu, baina gaur egun, Euskal Herrian euskaraz osoki bizitzea ezinezkoa da, lurralde osoan. Euskara, frantsesa eta espainolarekin etengabeko lehian bizi da, nahiz eta hau izan bertako hizkuntza bakarra. Lehia horretan, gainera, galtzaile dena, egoera gutxituan dagoena, euskara da. Euskaldunok, egunero jasan behar izaten dugu hizkuntza zapalkuntza, arlo guztietan.

Egoera honen jatorria, ezaguna da guztiontzat eta behin baino gehiagotan salatu izan dugunez, ez gara gehiegi luzatuko, baina ahaztu ezin dugun kontua izaki, ezin dugu aipatu gabe utzi. Euskararen egoera gutxiagotua mendeetan estatuen aldetik pairatzen ari den zapalkuntzaren ondorio da. Hauek ezartzen dituzten hizkuntza politikek euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketei bide ematen diete eta ezinezkoa da politika horietan oinarrituta normalizazio osoa lortzea; estatuen politikak jarraitzen dituzten administrazioek kalte berbera eragiten dute. Baina ez hori bakarrik, hitzez euskararen alde agertu eta ondoren normalizazioa helburu ez duten politikak bultzatzen dituztenek, edota sasi- tresnak eskaintzen dituztenek ere, era negatiboen eragiten diote euskarari, normalizazioan oztopo bihurtzen direlarik.

Guztion esku dago

Honek guztiak, agerian uzten du aldaketaren beharra. Egoera irauliko badugu, guztion indarra, konpromisoa eta lana beharrezkoak dira. Bakoitzak bere arduratik dagokion mailan, baina denon esku dago; alderdien esku, sindikatuen esku jendarte eragileen esku, herritarron esku... Euskara normalizatuko badugu, beharrezkoa dugu gaurtik hasita gaiari behar duen lehentasuna ematea. Horregatik jarri diegu egun hauei lelo hau. Izan ere, ezin dugu denbora pasatzen utzi, euskarari lehentasun politikoa eman behar zaio, bizi dugun abagunea urrats eraginkor eta sendoak emateko baliatu behar dugu. Bestetik, lan hori egiteko guztion lana ezinbestekoa dela deritzogu. Bakoitzak bere esparruan eta ahal duen neurrian urratsak egiten baditu eta arloz- arloz normalizazioan aurrera pausoak egiten baditugu, lortuko dugu egoera iraultzea eta euskara normalizatua izatea esparru guztietan.

Ezabaketa Egunetan antolatzen diren ekimenetan parte hartzera deitu nahi ditugu herritarrak. Zapalkuntza guztiak arbuiatzeko ekimen ezberdinetan parte hartzeko aukera izanen dugu. Bereziki bi deialdi aipatu nahi ditugu. Bata lehen egunean egingo dena eta azken egunean, bestea. Tartean egingo diren beste guztiak ahaztu gabe, noski. Datorren larunbatean, hilak 19 elkarretaratzea egingo dugu Baionako herriko etxean, goizeko 11.00etan. Euskararen aurka daraman hizkuntza politika suntsitzailea salatu asmoz. Bertatik, "GIP" -ek Merkatal Ganberan duen egoitzaraino ibilaldia egingo da. Frantses estatuak tresna honen bitartez euskaldunoi egiten digun iruzurra salatzeko. 26an, manifestazioa egingo dugu Iruñean, euskararentzat ofizialtasuna aldarrikatuko dugu. Ekimen honekin amaituko dugu asterako egindako planteamendua. Bertan, azken aldian arazo ezberdinak jasan behar izaten ari diren eragileei gonbidapena luzatu diegu euren aldarrikapenak bertan txerta ditzaten. Hala nola, lehen aipatutako ikastetxeetako gurasoei, euskaltegietako ikasleei... Euskararentzat ofizialtasuna lortzea guztion esku dagoelako, herritar guztiak mobilizazioetan parte hartzera deitu nahi ditugu.

Euskal Herrian Euskaraz
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun