Batez ere, 3 eta 8 urte bitarteko neska-mutilentzako ekitaldia antolatu du larunbat goizerako Barrikako liburutegiak. Hain zuzen ere, "Show Collage" ipuin kontalari saioaz eta Rosa Maria Martinezen (argazkian) "Printzesa Sagutxoa" txotxongilo ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, 11:30etik aurrera, bertan batzen diren umeek. Artisten hitzetan, "hitzak, ipuina, txotxongiloak, mugimenduak, soinuak eta haurren berezko fantasia izango dira berriro ere protagonistak". “Show-collage” munduko beste toki batzuei buruz dihardu, batzuk urrunak eta besteak hurbilagoak. Irudimenari esker, hegan egitera, adiskide bati laguntzera, erraldoi bihurtzera... egiten die gonbitea neska-mutilei. Bestalde, "Printzesa Sagutxoa" ikuskizunean, printzesaren aita den saguen erregea munduko pertsonairik boteretsuenaren bila abiatuko da, bere alabarekin ezkon dadin.