Bihar egingo da Ezabaketa Eguna Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 18a, 21:11
Jakingo duzuenez, azaroren 19tik 26ra Ezabaketa Egunak ekimena abian jarriko du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak. Nazio mailako ekintza hori "Euskarari lehentasuna eman! Guztion esku dago!" lelopean gauzatuko da, hain zuzen ere gure asmoa euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa, hizkuntz gatazka gainditzea eta hizkuntza eskubideen defentsa guztion artean gaur egungo eztabaida politikoaren erdigunean kokatzea baita. Horren harira bi ekimen antolatu ditugu Uribe Kostan. Bihar, larunbata, azaroak 19, Ezabaketa Eguna egingo dugu Itzubaltzetan eta Areetan. Hitzordua 16:30ean jarri dugu Itzubaltzeta gaztetxean. Argazkia: Besteak beste, "Romo" jartzen zuen errepideko errotulua "Itzubaltzeta" hitzarekin estali zuten igazko Ezabaketa Egunean.
Gure asmoa da bertan ekintzaren ezaugarriak azaldu eta guztion artean alde batzuk erabakitzea. Tresnak, bihurkinak, palanka eta sprayak izango ditugu eta hainbat urteotan argazkiak egiten eta sprayz ezabatzen ibili ostean, helburu zehatz batzuk kentzeko asmoa dugu, aurretik herri honetan EHE berak, Gazte Asanbladak, Segik, Itzubaltzetak Intsumisioa, HNT edo Sarea Antifaxistak jorratutako ildoari segida emanez. Itzubaltzetan 1998tik aurrera daramagu ezabaketak eginez eta garaipen txikiak izan badira.

Azaroaren 26rako autobusa

Datorren larunbatean, azaroak 26, nazio manifestazioa izango da Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean, 17:30ean. Manifestazioa autobus geltokitik abiatuko da. Horra joateko, autobusa osatzeko zerrendak jarri ditugu Brankan eta Gaztetxean norberak bere burua apuntatzeko. itzubaltzetakoeheuskalerria.org helbidera idatziz ere eman daiteke izena.

Balitekeenez autobusa osatzen ez lortzea (kasu horretan beste eskualdeekin osatzen saiatu edo kotxez joango ginateke), badaezpada ere telefonoa edota e-posta jarri beharko duzue zerrendan (eta baita autorik duzuenik, badaezpada ere). Prezioa joandakoen kopuruaren arabera izango litzateke. Printzipioz, irtetzeko ordua 15:00ak izango da, Sabecotik. Buelta azkar egingo genuke, nahi duenak Larrabasterran egingo den Ikasleen Eguneko ekitaldi politikoa zein kontzertuetara ailegatzeko moduan

Zer esanik ez, honen bidez, bi ekintzetan parte hartzeko zein zure ingurukoei zabaltzeko gonbitea egiten dizugu. Informazio gehiago nahi izanez gero, itzubaltzetakoehe@euskalerria.org e-postan eskatu eta bidaliko dizuegu.

Itzubaltzetako Euskal Herrian Euskaraz


Gaiaren inguruko berriak:

EHEk Ezabaketa Egunak egingo ditu hilaren 19tik 26ra (2005 Aza 17)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun