Sahararen Egunak emango die hasiera larunbat goizean “Getxotik Mundura, Mundutik Getxora” jardunaldiei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko aza. 18a, 23:24

Larunbat honetatik azaroaren 25era arte, "gogoetarako eta konpromisorako astea" izango da Getxo udalerrian, urtero legez, sasoi honetan, Getxotik Mundura, Mundutik Getxora garapen lankidetzaren inguruko jardunaldiak egingo baitira. Zortzigarren aldia izango da Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin batera Getxoko Udalak antolatutakoa. Anitzak izango dira ekitaldiak aste osoan zehar, "norbanakoen zein taldeen konpromisoa" bultzatzeko asmoz, "konpromisoa ezinbestekoa delako Iparraren eta Hegoaren, hots, herrialde garatuen eta garatzeko bidean dauden horien artean ematen diren egitura-desberdintasunak gainditzeko", udal arduradunen hitzetan. Bihar egingo den Sahararen Egunari dagokionez, argazki eta artisautza erakusketak, txotxongiloak, eskalada-murrua eta Atfal elkartearen egitasmoen gaineko xehetasunak egongo dira, 10:00etatik 14:00etara, Algortako Telletxe plazan. Argazkian, igaz ospatutako Saharako Egunaren irudia.

Getxo udalerrian garapen lankidetza ekimenetan lanean ari diren gizarte eragileentzako "bilgunea" izateko helburuarekin antolatu dituzte, “Getxotik Mundura, Mundutik Getxora" jardunaldiak; "baita elkarteen eta hiritarren artekoa ere", ekimenaren aurkezpen ekitaldian Imanol Landa Presidentzia zinegotziak nabarmendu zuenez. "Ipar eta Hegoaren arteko desberdintasunen testuinguruan, mundu zuzen eta bidezkoagoaren aldeko borrokaren ganean eztabaidatzeko gune aproposa ere badira”, azaldu zuen udal arduradunak.

Azken urteotan, Getxo udalerrian, elkartasun ekimen ugari sortu eta garatu dira, Landak gogoratu zuenez. "Zentzuzkoa denez, Udalak %0,7aren aldeko konpromisoa hartu du bere gain", gaineratu zuen zinegotziak. 2005ean 480.000 euro eman ditu tokiko erakundeak garapenerako lankidetza helburuetarako eta 2006an 508.000 euro bideratuko ditu. Horrenbestez, "Euskal Herriko udalerrien artean zeregin horretarako baliabide gehien erabiltzen dituztenetarikoa da Getxo", tokiko arduradunen hitzetan.

Egitarau anitza

Sahararen Egunaz gain, egongo da zertaz gozatu azaroaren 25era bitartean. Besteak beste, igande honetan, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Azoka egingo da Algortako Telletxe plazan bertan, goiz partean. Aurten, gainera, berrikuntza izango da azokan, “Bidai birtuala lankidetza proiektuetara” izenekoa. Landak azaldu zuenez, “Algortara hurreratuko diren lagunen argazkiak (bertan aterata) Getxoko Udalak lagundutako garapen lankidetza egitasmoen irudiekin nahasteko aukera egongo da, bisitariek aipatu arazoetatik hurbilago senti daitezen".

Hilaren 21ean, astelehena, Euskal Fondoaren hitzaldia izango da 19:30ean, Algortako Villamonte kaleko kultur aretoan; 22an “Jarrerak aldatuz, ekitatea sortuz” izenburuko bideo foruma eskainiko dute ordu eta toki berean. Bi egun beranduago, “Getxoztar bat ukiezinen artean” hitzaldia egongo da, Villamonten, 19:30ean. Horretan, Vicente Ferrer Fundazioaren eskutik, Indian hiru urtez bizi izan duen esperientziaz mintzatuko da Monica Ortega getxoztarra. Cine Club eta Cinema Paradisoren saioak ere elkartasun gaiei lotuta egongo dira astean zehar. Eta amaitzeko bi erakusketa izango dira, “Ura eta osasuna” eta “Garapen proiektutik bidezko merkataritzako proiektuetara” izenekoak, Algortako Getxo Antzokian eta Itzubaltzeta / Erromoko kultur aretoan, hurrenez hurren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun